"Beste alderdien partehartzea ez galarazteko" eskatu dio EAJk Udal Elkarteko lehendakariari

Baleike 2012ko abe. 31a, 10:38

Uztailaz geroztik Amaia Guruzetak ez duela Zuzendaritza Batzordea deitu  eta denbora horretan “erabaki garrantzitsuak adostasunik gabe" hartu direla salatu du EAJk prentsa ohar bitartez. Hemen irakur dezakezue oharra.EAJko Urola Kostako herrietako (Zarautz, Zumaia, Orio eta Getaria) bozeramaleek eta Aiako alkate Igor Iturainek, Mankomunitateko lehendakari Amaia Guruzetari (Bildu) eskatu diote “bere kabuz erabakiak hartzeari” uzteko eta “gainerako alderdiak” kontuan hartzeko. “Azken hilabeteetan pisu handiko neurriak hartzen ari dira inolako gardentasunik eta eztabaidarik gabe, Udal Elkarteko ordezkapen organuen gainetik, eta komunikabideen bitartez ari gara horien berri izaten. Ezin da udal elkarte bat norberaren koto pribatua balitz bezala kudeatu”, kritikatu dute.

Bozeramale jeltzaleek adierazi dutenez, legealdi honetan, lehendakariak lau aldiz baino ez du Zuzendaritza Batzordea deitu. Uztailaren 3az geroztik batzordea ez da bildu. “Hasiera batean konpromisoa hartu zuten batzordea gutxi gora behera hilabetean behin deitzeko, baina emandako hitza ez dira betetzen ari”. Egoera hori Batzar Nagusiekin ere errepikatu da, EAJren arabera, legealdi honetan bi aldiz baino ez baitira bildu, azkenekoa aurtengo abenduan. “Hori horrela, gaur egun 2013 urteko aurrekontuaren zirriborrorik ere ez dugu, azken legealditan sekulan gertatu ez dena”.

EAJrentzat “aurrekaririk gabeko egoera” da aipatutakoa. “Zuzendaritza Batzordea eta Batzar Nagusiak dira Udal Elkartean alderdiak eta eskualdeko herriak ordezkatzeko eta hartu beharreko erabakiak eztabaidatzeko tresna. Organu horiek kontuan hartu gabe gobernatzeak kultura demokratiko falta handia eta alderdi horietan ordezkatutako Urola Kostako herritarrekiko errespetu falta suposatzen du. Porrota besterik ez du ekarriko funtzionatzeko modu horrek”. Oso larritzat jo dute ezker abertzaleak, “hain zuzen betidanik partehartzeaz hitz egin duenak, partehartze eskubidea ukatzea gainerako alderdiei, are gehiago Mankomunitateko estatutuek argi eta garbi uzten dutenean Zuzendaritza Batzordeak bi hilabetean behin bildu behar duela”.

Ildo horretan, ordezkari jeltzaleek azpimarratu dute Mankomunitateak “oso eskumen garrantzitsuak” dauzkala, “enpleguan eta hondakinen kudeaketan esaterako”. “Bere erabakiak akordioan eta kontsentsuan oinarritu behar dira, dagokion orguanuen bitartez, eta ez inposaketan ikusten ari garen bezala”. Haatik, EAJk salatu du azken hilabeteetan Mankomunitateko lehendakariak “herritarrei eragiten dieten erabaki garrantzitsuak” hartu dituela “inolako babesik gabe”.

Horien artean, bosgarren edukiontziaren kudeaketan sartutako aldaketak eta aurrerantzean poltsa konpostagarririk ez banatzeko erabakia nabarmendu dituzte. “Oso deigarria da Bilduk boltsak banatzea dakarren kostua aipatzea argudio gisa, bere garaian atez atekoa ezartzeko azterketa bat ordaintzeko arazorik izan ez zuenean, udaletan zein udal elkartean. Bide batez, esan azterketa horren berririk ez dugula, egin denik ere ez dakigu”. EAJren iritziz, horrek erakusten du Bilduk ez duela “bosgarren edukiontziaren aldeko apusturik” egiten, “sistema honekin geroz eta birziklatze emaitza gehiago lortzen ari bagara ere. Kezkagarria da geroz eta konpromiso handiagoa erakusten ari diren herritarrei birziklatzeko oztopoak jarriz erantzutea”.

Jeltzaleen arabera, presidenteak “dekretu bidez” kudeatzen du Mankomunitatea, “eta horrek erabateko iluntasuna dakar”. “Ez daukagu aurrekontuen hasierako zirriborro bakar bat ere. Ez digute esan zein izango den 2013ko isurketa tasa Urtetan, zenbat zabor iristen ari den Bizkaitik, eta nola eragingo dion horrek zabortegiaren bizitza erabilgarriari. Ez dakigu zer egiten ari diren onartu zituzten euskararen brigadak, zeintzuk izan diren udako turismo datuak, zer hausnarketa egiten duen turismo mahaiak martxan jarritako ekimenen inguruan, eta ezta langileei Gabonetako ordainsaria ordainduko zaien ere”.

Argitzeke dauden kontuen artean, halaber, enplegu sustapena eta foro sozio-ekonomikoa nabarmendu dituzte. “Krisi garaiotan, denon ardura da enplegua sortzeko laguntzea, eta halako garrantzia duen erabaki bat hartzea, foroak sortuz eta egitasmoak abiaraziz, kontsentsurik gabe eta eragile sozial eta sindikalen behar adinako babesik gabe, sekulako ardura falta da”.

Guzti hori dela-eta, Amaia Guruzetari dei egin diote bere jarrera zuzendu eta Mankomunitatearen Zuzendaritza Batzordea lehenbailehen dei dezan. Horretarako, batzordearen ezohiko bilera eskatu dute idatziz, “2013an gauzak ordezkari guztion artean adostu genituen moduan egin daitezen. Beste behin, akordioak lortzeko gure asmoa berresten dugu, bai bizi dugun egoera ekonomiko zailetik irtete aldera eta baita prebentzioan eta hondakinen birziklapenean hobekuntzak sartze aldera”.