Ander Treviño: "Taldea erabakiaren parte izan da"

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Futbol Taldea 2020ko mar. 4a, 17:51

Ander Treviño eta Javier Pinilla dira Zumaiako futbol taldeko preferenteen entrenatzaileak. Urtarrilean hartu zuten taldea eta ordutik hiru garaipen, berdinketa bat eta lau porrot lortu dituzte. Egun, sailkapeneko 6. postuan daude 29 punturekin. 

Futbol zelaiko bulegora hurbildu dira Ander Treviño, lehen entrenatzailea, eta Javier Pinilla, bigarren entrenatzailea. Adeitsu eta urduri eseri dira aulkietan eta pixkanaka pixkanaka erosoago sentitzen joan dira. Bertan, taldearen egoeraz eta helburuez hitz egin digute.

Zergatik aukeratu zenuen Zumaiako?

Ander Treviño: Hainbat faktorek izan zuten eragina. Alde batetik, bizpahiru urte nindoan oinarriko futbolean lan egiten eta gogoa nuen, berriz ere, senior talde bat entrenatzeko. Lagun ditut Zumaiako ezagutzen duten pertsona batzuk eta oso ondo hitz egin zidaten taldeaz. Azken urteotan egin duten lana ikusita aukera ikusi nuen jarraipena emateko.

Gainera, klubak konfiantza erakutsi dit, eta taldea eta jokalariak ezagutzen zituen norbait nahi nuen bigarren entrenatzaile moduan. Orduantxe ezagutu nuen Pini, eta oso ondo moldatu naiz berekin hasiera-hasieratik.

Nola oroitzen duzu bigarren entrenatzailea izateko esan zinduten unea?

Javi Pinilla: Taldearen egoeraz jakinaren gainean nengoen, eta Larbururekin eta Etxaberekin bigarren entrenatzailea izan nintzen bere garaian. Ezer esan baino lehen, entrenatzailea ezagutu nahi nuen; bere ideiak jakin nahi nituen. Pare bat aldiz hitz egin genuen telefonoz eta oso ondo joan zen. 

Nola aurkitu zenuten taldea?

J.P.: Taldea harkor aurkitu nuen. Lehen egunetik parte hartzeko gogoz ikusi genuen. Momentu zailean hartu dugu taldea, baina oso erraz utzi dizkigute gauzak eta gauzak erakusteko gogoz aurkitu genuen.

A.T.: Nik, aldez aurretik ez nuen taldea ezagutzen. Hemen erraztasunak aurkitu ditut. Bai Piniren, bai klubaren eta baita taldearen eskutik ere. Eskertzekoa da, horrek egin du prozesua azkarra eta erraza izatea. Nik ere taldea gauza berriak ikasteko gogoekin ikusi dut. Profil askotako jokalariak ditugu: gazteak, helduagoak... Bakoitza prozesu honetan bere puntua eskaintzen ari da.

Nola lortu duzue identitatea islatzea taldeari epe hain labur batean? Azkenean, entrenatzaileek uda izaten dute lan horiek egiteko eta zuek etorri eta bi egunetara norgehiagoka bat jokatu behar izan zenuten.

J.P.: Guztia sinplifikatzen. Guztiari buruz hitz egin dugu baina ideiak sinplifikatu ditugu. Kontzeptu txiki batzuk txertatzen, baina pixkanaka. Oraindik aurre-denboraldian gaude gu, eta taldea denboraldi erdian dago.

A.T.: Agian horregatik irabazi genituen hasierako norgehiagokak. Aukera berri bat da entrenatzaileari gauzak erakusteko. Behin hiru partidu irabazita ez da aukera bat, behar bat bihurtzen da. Egin didazun galderaren erantzuna nire ustez, ezin da lortu. Nire ikuspuntutik talde baten eraikuntza prozesu amaigabe bat da. Agian zuk hausnartu duzu taldearen jokoak nola izan behar duen gauza batzuren arabera, baina asteko lanak jartzen zaitu dinamikan. Helburua garbi daukazu, baina etengabe egoten zara gauzak aldatzen.

Azkenean, epe motz honetan, taldearen hausnarketa egin dugu eta gauzak lehenesten saiatu gara. 

Nola egin dugun? Elkar ezagutzen, talde bezala zer izan nahi dugun galdetzen (garrantzitsua da jakitea zer izan nahi eta nora iritsi nahi dugun), eta behin hori argi daukagula, uste duguna denon artean pixkanaka eraikitzen hasi. Etengabe egin behar den hausnarketa prozesua da. Behin taldearen gabeziak eta bertuteak zeintzuk diren ikusita, planteamendu bat adostu behar da taldearekin. Izan ere, taldea erabakiaren parte izan da. Ezin duzu sentitzen ez duten zerbait inposatu; beraiek ere prozesuaren parte izan behar dira eta parte direla sentitu behar dute. 

Nolakoak zarete entrenatzaile moduan?

A.T.: Zumaiakon lanean ari gara baloiarekin, eta baloi gabe talde intentsua nahi dugu izan. Erritmo altuarekin beti; maila honetan aurrerapauso bat emateko hori beharrezkoa da. Gure ideia baloiarekin protagonista izatea da, baina sakontasunarekin. Baloia zentzuarekin izan nahi dugu. Niretzat oso garrantzitsua da eraikitzen ari garen nortasun horretan jokalari bakoitzak asmo edo intentzio bat izatea. Azkenean, jokalariak jakin behar du zertan ari den saiatzen eta zergatik. Uste dut, feedback horrekin, jokalaria kontzienteagoa dela. Niretzat, premisarik garrantzitsuena talde bezala nortasun bat eta intentzio bat izatea da. Jokalariek gure jokoa ulertu, ezagutu eta horren inguruan hausnartzea. Ez da prozesu erraza eta jokalari bakoitzak ez dauka interes maila berbera. Bakoitzak erabaki beharko du noraino heldu nahi duen.

Emaitzak hasieran onak izan ziren (hiru garaipen jarraian) baina orain porrotak eta berdinketak iritsi dira. Nola eman buelta egoera horri?

J.P.: Anderrek esan duen bezala, prozesuan gaude oraindik. Ustez, garaipenak eta porrotak, hau da, norgehiagoken emaitzak engainagarriak dira. Lehen garaipenetan ez ziren ikusi landu genituen gauza batzuk eta, aldiz, ez dugunean irabazi gauza positiboak ikusi ditugu. Lanean gaude, badakigu zein den bukaerako helmuga eta bide horretan gaude. 

Eta zein da taldearen helburu hori?

A.T.: Gure etsairik handiena gu gara. Argi badago goialdean egotea dela gure helburua, hausnarketa bat egin beharko da orokorrean eta aurrerapauso bat eman, bai taldearen partetik eta bai konpromiso aldetik. Jokatzeko era eraikitzen jarraitzearen ondorioa taldearen hazkuntza izan behar da.