Malen Solozabal: "Txikitan ez nekizkien Lehen Mailako emakumezkoen izenak eta orain jendeak badakizki"

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Futbol Taldea 2020ko urt. 2a, 14:06

Realaren emakumezkoen bigarren taldean dabil Malen Solozabal zumaiarra. Zumaian egin dute entrenamendua datorren eguneko txapelketa prestatzeko. Amaitu eta gero, futbol zelaiko bulegora adeitsu hurbildu da bere bigarren denboraldiaz, emakumezkoen futbolari buruz eta, orokorrean, futbolari buruz hitz egiteko.

Aurreko denboraldian erraz irabazi zenuten liga. Aurten, Eibar Urko duzue aurkari nagusienetako bat lau puntu gutxiagorekin. Hala ere, sailkapena begiratu eta gero, golen desberdintasuna ikusita, maila bat gorago zaudetela dirudi. Zer deritzozu?

Taldea aurreko urtean sortu zen eta azken dibisiotik hasi ginen, herriko taldeen aurka jokatzen genuen eta gu ia selekzio bat ginen. Beraz, normala zen irabaztea, inor gutxietsi gabe. Aurten, igarri dugu liga bat gorago gaudela eta koxka bat igo dugula. Esan bezala Eibar dago gure atzetik, baina oraingoz gauzak ondo ari dira ateratzen eta ea horrela jarraitzen dugun.

Zein balorazio egiten duzu zure bigarren denboraldiaz Realean?

Oso gustura nago. Jendearekin oso ondo moldatzen naiz eta futbolaren alorrean ere oso ondo. Asko ari naiz ikasten, Aintzane Encinas da gure ordezkaria eta guretzat erreferente bat da. Harremana oso ona da gure artean eta asko ari gara ikasten.

Jakinda Realak bere harrobia oso ondo zaintzen duela eta lan horrek fruituak ematen dizkiola, Realean gero eta urte gehiago egon hobe, ezta?

Bai, helburu urruna den arren pixkanaka joan behar dut. Aurten, aurtengoa. Gure helburuetako bat logikoki 2. mailara igotzea da, ikasten jarraitzea, talde bat izaten jarraitzea... Ni gustura nagoen bitartean eta nirekin gustura dauden bitartean, bertan jarraituko dut.

Emakumezkoen futbolak azken urteotan gorakada bizi duela garbi dago. Anoetan, San Mamesen, Wandan... futbol zelaiak beteta ikusteko aukera izan dugu. Nola bizi da gorakada hori barrutik?

Jendeak interes gehiago dauka, nabari da. Gaur, adibidez, herriko batzuk argazkiak eskatu dizkigute. Eta hori ez garela lehen taldekoak. Nire taldeko batek lehen taldearekin debutatu zuenean Anoetan jokatzeko aukera izan zuen. Nesken norgehiagokak jendez beteta egoten dira eta Zubietan entrenamenduak publikoarentzat irekita daudenean sinadurak eskatzen dizkiete. Kalean ere geratzen digute nohizbehinka. Nabari da gorakada. 

Nik txikitan ez nekizkien Lehen Mailako emakumezkoen izenak eta orain jendeak badakizki. Realeko kamisetak ikusten dituzu eta atzean Nahikari jartzen diete batzuei... Pozgarria da.

Emakumezkoen futbolaren inguruan albiste ugari irakurri ditugu azkenaldian, grebaren kontua dela eta. Azkenean, "konpondu" egin dela dirudi, akordio batera iritsi dira behintzat. Zein iritzi duzu horren inguruan?

Guk hori pixkat kanpotik ikusi dugu. Iruditzen zait goraka doala emakumezkoen futbola eta uste dut gutxieneko bat behintzat behar dutela. Ordu asko sartzen ditugu entrenamenduetan eta partiduetan eta, azkenean, sakrifizio bat da, gauza on eta txar guztiekin, mutilek bezalaxe. Iruditzen zait profesionaltasun horretara iristeko pausuak eman behar direla. Uste dut bide onean doazela. 

Futboleko jokalari askok ez dute futbola "kontsumitzen" edo ikusten. Zuk futbola gustuko al duzu? Zein jokalari duzu gustukoen? 

Denbora librea dudanean gauza asko egiten ditut eta horietako bat futbola ikustea da. Kanpotik ikusten asko ikasten da eta. 

Inoiz ez dut izan erreferente bat baina, adibidez, lehen aipatu dudan Aintzane Encinas, orain gertutik ezagututa iruditzen zait kriston jokalaria izan dela, eta haur askorentzat erreferente bat dela. Baita ere, asko gustuko dut Irene Paredes (PSGko jokalaria). Gainera, uste dut goraino iritsi den arren, baloreak ez dituela galdu.

Zein da futbolari bezala zure helburua?

Oraingoz, futbolaz gehiago ikastea, Realean ahalik eta pausu gehien ematea eta disfrutatzen jarraitzea.

Zer ari zara ikasten? Futbolari batzuk utzi izan behar izan dute futbol profesionala lanarekin uztartu egin ez dutelako. Horren beldur zara?

Psikologia ari naiz ikasten Donostiako unibertsitatean. Askotan entzuten da (ez futbolean bakarrik) emakumezkoek ezin dutela lana eta futbola uztartu. Gure kasuan futbola ez da lanbide seguru bat, orduan ezin duzu guztia utzi futbolagatik. Oraingoz ez naiz horren beldur.