Giro ezin hobean amaitu da Emakumeon* arteko III. Pala Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Emakumeon* Etxea 2021ko uzt. 31a, 11:30

Ekainaren 25an hasita, hirugarren urtez jarraian, ekin diogu herriko eta inguruko emakumeok pilota gogor astintzeari eta irailaren 30ean jokatu dugu finala. 

Euriari ere aurre egin diote jokalariek. Izan ere, finalaurrekoak Odietan jokatu ziren, baina finala Sagarbiden egin behar izan zen euria hasi baitzuen, partidarekin hasi bezain pronto.

Hilabete pasatxo bat eman dugu elkarrekin, eta frontoian modu askotara gozatu dugu: palan, elkarrekin berriketan, joan-etorrietan...elkar ezagutu dugu, gure artean saretu eta asmo eta erronka berriak sortzeko espazio bikaina izan dugu. Eta hau gutxi balitz, sortutakoa ez eteteko eta aurrera jarraitzeko asmo irmoa adierazi duzue! Ez zarete makalak, neskak!

Maila bikaina erakutsi duzue, frontoian nahiz frontoitik kanpo. Lagunek eta familiakoek ere haien eztarriak utzi dituzte gu animatzen. Eskerrak denoi jaso dugun babesa eta laguntzagatik. Eskerrak Miriam Romateti kultur teknikariari eta kazetariei ere.

Antolakuntza aldetik eskerrak eman behar dizkizuegu partaide guztiei, bereziki, erakutsi duzuen fundamentuagatik; beti laguntzeko prest eta inoren beharrik gabe aritu baitzarete, eta horrela oso erraza izan delako guretzat. Oso eskertuta gaude bihotzez!

Emakumeon Etxea badator! Eta esan bezala, gure txokoa izango dugu elkartzeko, materiala eskura izateko, baita erronka berriak eta asmoak bideratzeko ere. Irailean gonbidatuko zaituztegu bisita gidatura, zuena den etxera! Eta hantxe, handik abiatuko ditugu gure planak!

Adi parte-hartu ezin izan duzuenok ere, irailetik aurrera jolasten eta pala egurtzen jarraituko dugu eta! Zorionak denei eta zorionak gure aurtengo txapeldunei; Idoia Zabala Uranga eta Nerea Etxabe Urbieta!