Indarkeria matxistaren aurkako aldarria

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Emakumeon* Etxea 2020ko aza. 22a, 10:45

Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela eta, Zumaiako Emakumeon* Etxeak ikus-entzunezko labur bat prestatu du matxismoaren aurpegi ezberdinak azaleratu eta salatzeko.

Bideoak txiste matxisten, intimitatearen aurkako erasoen, soldata arrakalaren edota telefonoa kontrolatzearen aurka egiten du, feminismoak matxismoaren mila aurpegiak borrokatuko dituela aldarrikatuz. Ikus-entzunezkoa Tik Tok aplikazioaren bitartez egin dute, hartara, matxismoaren aurpegiak islatzen dituzten bideoak egin eta #Azaroak25challenge traolarekin partekatzera animatu nahi dituzte aplikazio horren erabiltzaileak.

Amaitzeko, azaroaren 25ean bertan mugimendu feministak deitutako mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte zumaiarrak; 18:30ean izango da kontzentrazioa Beheko Plazan.