Pandemiaren bizipenak (I)

Erabiltzailearen aurpegia
Argazkia: Miguel Bruna - Unplash

Itxialdiaren seigarren astean, Zumaiako bi institutuetako batxilergoko ikasleei galdetu genien zer moduz ari ziren eramaten egoera. Azpian irakur ditzakezue hainbat emakumeren testigantzak. Euren buruak indartzeko eta heldutasuna erakusteko aukeratzat hartu behar zutela esan ziguten; benetan espero dugu erronka zail horri aurre egin, eta ikasturte bukaeran eta selektibitatean gauzak ondo joan izana. 

Ikaslea 1

Konfinamendu egoera honek denok ezustean harrapatu gaitu, eta guztiok ezberdin erantzun diogu. Nire aldetik pare bat gauza azpimarratu nahiko nituzke. Alde batetik, niri dagokidan inguru akademikoak erantzun nahiko aproposa eman diola uste dut; kontuan hartu gabe ikasleok eskura ditugun baliabideak, ikasteko leku aproposak eta familia egoera zein norberaren egoera psikikoa. Ildo horretatik jarraituz, iruditzen zait ikasleoi egoera honek dugun heldutasuna eta ardura praktikan jartzeko balio izan digula; baita ikusteko txikitatik inposatu diguten hezkuntza sistema eta metodologiak ez direla apropos bakarrak, eta beste era batzuk ere existitzen direla.

Bestalde, herritarrok elkarrekiko agertu dugun elkartasuna goraipatu nahiko nuke; elkarri erosketak egitea, jarritako neurriak errespetatzea, elkarri animoak ematea...

Azkenik, behaketa modura, egunerokotasuneko gauzei ematen diogun garrantzia eskasean zentratu nahiko nuke. Geure errutinaten zati diren pertsonak, egoerak eta sentsazioak gutxiesteko dugun ohitura gordina alde batera uzteko garaia iritsi da; daukagunaz konturatzen garen moduan jada ez dugunean.

Ikaslea 2

Egoera ezberdina eta arraroa da. Nire kasuan uste baina eramangarriagoa egiten ari zait berrogeialdi hau. Egunero errutina ezberdin bat proposatzen diot neure buruari eguna ondo antolatuta izateko.

Baina ikasketen aldetik ez da oso egoera erraza, bigarren batxilergoko ikaslea naiz eta oso lanpetuta gabiltza selektibitateari begira. Lanpetuta ibiltzeaz gain kezkatuta gaude, ebaluaketarekin zein azterketekin gertatuko denaren beldurrez, baina hori ez dago gure esku.

Hala ere, irakasleak eta ikasleak egiten ari garen esfortzua ere azpimarratu nahiko nuke, heldutasuna eta ardura erakutsi dugulako.

Ikaslea 3

Hasierako egunetan gogotsu egon nintzen, lanak egiten, sukaldatzen, bideo deiak etab. Baina egunak aurrera egin ahala aldapan gora egin zait, nire gorputza ariketa asko egitera dago ohituta eta etxean, normala den bezala, ezin naiz haibeste nekatu. Ondorioz, lo oso gutxi ari naiz egiten.

Horrez gain, izugarri alpertu naiz, baina arrazoia ez da gogo falta, kontzentratzeko zailtasuna baizik. Gainera lagunak ezin ikusteak hutsune bat sentirazten dit, eta zer esanik ez aiton-amonak, ez baitituzte guk ditugun gailu elektronikoak eta ezin dugu elkar ikusi.

Baina itxialdi honetan dena ez da negatiboa, egunerokotasuna baloratzen ikasi baitut. Ez nintzen konziente zer suerte nuen egunero kalera irteteko aukerarekin, maite nituenak ikusteko ahalmenarekin, edo elkarren gertutasuna sentitzearekin.

Hemendik aurrera besteekin ditudan momentuak gehiago baloratuko ditut, baita parrandak, kotzertuak, amonaren etxera bixitak ere. Eta noski ez dut ezer aintzat hartuko, ez baitakigu hurrengo pandemia noiz etorriko zaigun.

Ikaslea 4

Bigarren Batxilergoko ikasle garenoi, pandemia honek ezjakintasun handia ekarri digu; gure egunerokotasunean eman beharreko eskola-orduekiko ez ezik, gure etorkizunarekiko ere bai. Hau da, ikasleok jasaten ari garen urdiritasuna eta zama handiena da ea aurrera begira gure ikasketekin zer gertatuko den, zehazki unibertsitatera sartzeko probarekin (selektibitatea). Izan ere, irakasleekin kontaktuan jarraitzeko baliabideak izan arren, guk gure irakasleak izango bagina bezala jokatu behar dugu eta egoera honek zailtasun ugari dakartza (zalantzak ezin argitu, probarako guztiz prest ez egotea...).

Hala ere, birus honek zerbait ona eduki behar zuenez; gure autonomia garatzeko aukera aparta izan da, zeina gerora begira oso baliogarria izango den.

Ikaslea 5

Hasieran oso ondo eraman nuen konfinamenduaren kontua, gauza produktiboak egiten hasi nitzen, eta nahiko eramangarria egin zitzaidan. 6 aste pasa dira eta jada ez da horrela. Egoeraz nazkauta nago, baita etxekolanez ere. Zailagoa ari zait egiten lehen bezain ondo eramatea kontua, eta normaltasunera bueltatzeko izugarrizko gogoa dut; nahiz eta jakin denbora luzean ezinezkoa izango dela.

Ikaslea 6

Aurrez sekula bizi ez dugun krisi hau gure denboraren lapur izendatu dugu, geure eta ingurukoen une eta momentu galduen errudun. Baina zein egoera hobea, orain arte inguruan izandako guzti hori, gure errutinatzat hartua genuena, behar bezala balioesteko.

Ikaslea 7

Ez dago zalantzarik koronabirusak guztiongan izugarrizko eragina izan duela. Nire aldetik, 17 urte dituen neska baten ikuspegitik, hasieran sinesgaitza egiten zitzaidan; ez nekien nondik hartu egoera, ez zer egin nezakeen hau ulertzeko.

Egunak aurrera doazen heinean, eguneroko gauzak dira faltan sumatzen ditudanak, orain arte errutina aspergarritzat hartzen nituenak; eskolara joatea, entrenamenduak, familiarekin denbora pasatzea eta parrandak esaterako, baita orain arte garrantzirik ematen ez nienak ere.

Baina momentu honetan, nire buruan toki handien hartzen duten bi gauza daude: lehena, eskolarekin eta selektibitatearekin zer gertatuko den beldurra, ez baitigu inork ezer argitzen. Eta bigarrena, lagunekin eta maite ditugunekin noiz elkartuko garen pentsatzea, pixkanaka pixkanaka beraien falta handiagoa baita.

Hori guztia esanda, berrogeialdi honetan gehien egin dudana pentsatzea eta hausnartzea izan da, ikusteko gure eguneroko txikitasun guztiak direla benetan gure bizitza betetzen dutenak, eta jakiteko merezi duten garrantzia ematen ikasi bahar dugula.