Zumaiako Irisgarritasunaren Mapa

Erabiltzailearen aurpegia Zumaia Irisgarria 2017ko aza. 24a, 08:24

Zumaia Irisgarria taldea sortu genuen lehen unetik, gure helburuetako bat herriko irisgarritasuna aztergai izango zuen mapa bat osatzea izan da. Zaila zirudien, baina lana, esfortzua eta konpromezuari esker lortu dugu.

Mapa hau osatzeko, gainera, ezinbestekoa izan da herritarren partehartzea, haien ekarpenei esker mapa anitz eta osoago bat sortu ahal izan baitugu. Irudian ikusi daitekeen bezala, ongi zein gaizki dauden puntuak adierazi ditugu mapan, aparkamendu egoki eta desegokiez gain. Bertan 36 puntu agertzen diren arren, aipatu beharra dago puntu asko falta direla; aukeraketa bat egin ostean, puntu esanguratsuenak adierazi nahi izan ditugu.

Hemen argitaratu aurretik, Udaleko ordezkariekin elkartu ginen mapa hau eta irisgarritasunaren inguruan osatu dugun txosten bat aurkezteko. Udalarekin elkarlana ezinbestekoa ikusten dugu eta, horregatik, beraiei gure lana aurkeztea erabaki genuen; beraien partetik, aurrekontuak osatzeko orduan irisgarritasuna kontuan izango dela azaldu ziguten eta elkarrekin lanean jarraitzeko asmoa dutela.

Azkenik, oztopo arkitektonikoekin amaitzeaz gain gure helburu nagusietako bat herritarrak irisgarritasunaren inguruan kontzientziatzea dela azpimarratu nahi genuke; askotan hori izaten baita oztopo handiena. Beraz, alor horretan lan egiten jarraituko dugu datozen hilabeteetan.

Jarrai dezagun guztion artean herri irisgarriago bat eraikitzen!