Irisgarritasunaren inguruko galdetegien emaitzak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaia Irisgarria 2017ko ira. 7a, 22:24

Ia lau hilabete igaro dira galdetegiak kaleratu genituenetik eta ordutik lanean aritu gara emaitzak herritarroi plazaratu ahal izateko.

Parte-hartzea handia izan da eta eskerrak eman nahi genizkieke galdetegiak erantzuten nahiz banatzen lagundu diguten guztiei. Izan ere, inkestak online zein paperean bete zitezkeen, azken hauek Zumaiako zenbait puntutan eskuragarri zeuden (Kukitxa ekodenda, Branka, Beheko Plaza Jubilatuen Elkartea, San Juan Egoitza eta Otezurin, hain zuzen). Amaitzeko, Zumaiako Herri Eskolak eta Maria eta Jose Ikastetxeak irisgarritasunaren alde hartutako konpromezua azpimarratu nahi genuke; bai ikasleen bai irakasleen artean kontzientziazioa bultzatuz eta inkestak betez. Laburbilduz, hauek dira galdetegien emaitzak:

Guztira 535 galdetegi jaso ditugu, horietatik 100 online eta 435 paperean. Lehenengo bi galderak hautazkoak ziren, ez baigenuen inor bere izena eta abizena ezagutaraztera behartu nahi. Hirugarrena eta laugarrena, ordea, adin-tartearen eta norberaren egoeraren ingurukoak ziren, galdetegiak erantzun dituzten pertsonen profila zein den ezagutzen laguntzeko; esan genezake, profila 45 eta 60 urte arteko mugikortasun arazorik ez duen pertsona bati dagokiola.

Ondoren, 5. galderan Zumaia bere herritar guztientzat herri irisgarria den ala ez uste duten galdetzen genuen; %70 inguruk ezetz erantzun zuen. 6.galdera mugikortasun arazorik ez dituztenei soilik zegoen zuzenduta eta hesi arkitektonikoek mugikortasun arazoak dituzten pertsonei zor diezazkioketen arazoez ohartzea erreza den galdetzen genien; galdera honen emaitza parekoagoa izan zen, %45ak baietz baitzioen eta %55ak ezetz.

8. galderan Irisgarritasunaren Mapa osatzea beharrezkoa dela uste duten ala ez galdetzen genuen; mapa horretan, baldintza txarretan dauden puntuak, konpontzea komeni litzatekeen batzuk eta etorkizunean eredu izan behar luketen beste batzuk adieraziko lirateke; erantzuna argia izan zen, %90a baino gehiagok baietz erantzun zuen.

7. galderan hesi arkitektonikoren bat edo ikuskatua izatea merezi duen lekuren bat ezagutzen duten galdetzen genuen; galdera honetan ez dugu besteetan bezain beste erantzun jaso, baina badakigu ez zela batere erraza erantzutea. Galdera honen erantzunak laster aurkeztuko dugun Irisgarritasunaren Mapan aurkituko dituzue, herritarron laguntzarik gabe ezinezkoa izango baitzen mapa hau guztiz osatzea.