Boluntario-lanak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubimendi Zialtzeta 2017ko abu. 27a, 13:53

Gaur parrafada luzea soltatuko dizuet hemen. Tarteka nere buruan bueltaka ibiltzen den gai bat da eta azkenean zerbait idaztera animatu naiz. Ea zer iruditzen zaizuen.

Datorren irailak 2an Zumaiako Triatloia ospatuko dugu eta ZTTko taldekide bakoitzak 2/3 boluntario lortzeko konpromezua hartzen dugu antolaketa lanetan laguntzeko. Nik aurten ez dut bat bera ere lortu. Zero.

Ez da nere intentzioa laguntza eskatu dizuedanoi kargu hartzea, errieta egitea. Bakoitzak bere arrazoiak izango ditu boluntario gisa ez laguntzeko eta errespetatzen ditut, nola ez.

Zoritxarrez, hau ez da egoera arraroa. Triatloiaren antolaketaren harira hasi naiz idazten baina kirol-taldeen arduradun, entrenatzaile eta laguntzaile beharra edo gizarte-lana egiten duten erakundeen boluntario beharra ere hor dago, eta borondatez aurrera eramaten diren proiektuetan diharduten talde ezberdinen gaitza dela esango nuke: jende gehiago behar da gure gizartearentzat hain beharrezkoak diren ekintza eta jardunbide hauek aurrera eramateko.

Azken urteotako krisiak erakutsi digu talde hauei esker sortzen den sare sozialak gure gizartearen kohesioa, batasuna, sendotzen duela. Talde batzuk, Elikagai Bankuak adibidez, janaria bezalako oinarrizko beharrak asetzen saiatzen dira. Beste batzuk, kirol jarduera sustatzen dugu, gizarte osasuntsuago bat bultzatuz. Hau ere oinarrizkoa, nire ustez.

Baina boluntario batek ez du besteentzat bakarrik onura bultzatzen. Boluntarioen artean sare sozial bat osatzen dugu, elkarren arteko loturak sortzen dira, gizarte kohesioa bultzatzen duten loturak. Eta horrek ere krisiak gainditzeko ere balio du. Langabezian aurkitzen den taldekide bat, gaixotasun bat edo beste egoera larriren bat pairatzen duen taldekide bat, babestuago egongo da herrikide, auzotar edo lagunen sarea zenbat eta hedatuagoa eta sendoagoa izan.

Denbora-falta izaten da askotan talde hauekin ez kolaboratzeko ematen den arrazoia, baina modu askotara eta eremu askotan dago laguntzeko aukera.

Gizarte hobeago batean bizi nahi baduzu, zure ingurua hobetu nahi baduzu, zeure burua hobeto ezagutzea eta osoagoa izatea lortu nahi baduzu, egin zaitez boluntario edo parte-hartu gizarte-lana egiten duten taldeetan, badago non aukeratua.