Amaya hoteleko zinemak 1923an ekarri zuen ilustrazioaz

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia 2022ko urr. 6a, 10:45
(Argazkia: Ricardo Marin, Gure Gipuzkoa)

Luxuzko instalazioak zeuzkan hotelak, horien artean skating eta teniseko pistak, eta antzoki zinemaduna. 

Amaya hotela inauguratzearekin batera, zinema ere abian jarri zuten arduradunek (tartean zen Luis Martinez Kleiser); garai hartan zinema mutua zen, eta batzuetan orkesta ere jartzen omen zuten filmarekin batera jotzeko. Josu Martinez ikertzaileak txio batzuetan zabaldu duenez,  EUZKADI egunkariko Zumaiako kronistari ez zitzaion gustatzen zinema, eta zazpi puntutan idatzi zuen "zenbaterañoko ilustraziua dakarren cine-ak". Euskal atalaren zuzendari Ebaristo Bustintza Kirikiño zen, eta kendu egin zuena zazpigarren puntua, jakin nahiko nuke zergatik. 1923ko abuztuaren 23an argitaratu zen idatzi hori (originala Liburuklik gunean ikus daiteke), 5. orrialdean, eta idazkera hura errespetatuta ekarriko dut hona.

Zumaya

Jaunak, arriturik nator idazki au idaztera Zumayan egonik ain idazle bikañak eta jun daneko zortzi illabete auetan esan lezake danak luak arturik daudela, eta ni nola naizen motel samarra beti egon naiz atzera bildurrez; bañan gaur otu zait zerbait idaztia, eta gaizki badago barkatu Kirikiño (1).

Bada gai baten gañian idatziko det eta da, erderazko izena “Cinematografo” esaten zayo, baña itz au luzea dalako "cine” bakarrik esaten zayo; bada Zumaya’ko erri polit onetan len etzan alako zabarkeririk eta orain dala illabete ezkeroztik jarri digute, eta nunbait, au izango da gu ilustratzeko, erriko jaun batzuek jarri digute-ta.

Bada ikusi dezagun zenbaterañoko ilustraziua dakarren “cine”-ak;

LENENGOA.—Txanpon alperrikan galtzia, gutxi dirudi bañan asko da. Errotarako zorroari zulotxo bat egiten bazayo, errotara orduko lautik bat galduko dezu. Kristau bat eskian ikusten badezu, ari laguntzeko ez dezula esango dezu, bai ordea “cine”-rako.

BIGARRENA .—Gauz oyek ikusteko arreta geyegiz begiak lanean etengabe aritzen diralako, auek ere ondatu egiten zaizkie.

IRUGARRENA.—Zain meak (nervios) zer esanik ez dago, oyek ere beti lanean eta gauz ikaragarriak ikusten dardara bizitan beti. Irudimenak gauzik arrigarrien eta bildurgarrienak bein eta berriz gogora ekartzen ditu egunaz bezela amesetan ere, eta orrelako eten gabeko dardaraz zain meak zimeldu ta ondaturik geratzen zaizkie eta betiko gaizki gelditzen dira.

LAUGARRENA. — Gauz txar asko umeak ikusten eta ikasten dituzte eta beste asko ikasteko gogoa egiten zaye, maltzurrak egiten dira, eta jakin bear ez lituken gauzak lotsik gabe galdetzen dituzte.


BOSKARRENA.—Aurtasunean maitekerian asitzen dira eta askotan beren gurasoak ez dakizkiten gauzak esaten eta egiten dituzte.


SEIGARRENA.—Tresnatik datorrena ez, gañerako argi gustiak itzaltzen dituzte gauzak ondo ikusteko eta argitan egingo ez liraken gauz asko illunbetan egiten dira eta gertu egon ezkero baita ikusi ere (2).


Orra bada Zumaya’ko jauntxuen ilustraziyua eta kontuz gurasuak umiakin eta batez ere abertzaleak.

 —KUKU

 

(1) Nik barkatzia nai badezu. berriro idatzi bear dezu, eta orduan ikusiko degu.

 (2) Saspigarrena kendu dizut, inork esan ez dezan geuria ez dan esparruan sartzen gerala. Esango liguteke, biarba, ori esateko beste batzuek daudela izentauta, eta guk ez degula ortan sartu bear.

 —KIRIKIÑO