Oroimena, oroimina leuntzeko

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia 2022ko mai. 8a, 14:37

Cristina Hurtadok ederki irakurri ditu hitz hauek.

Testu hau moldatu dut Goiko Alberga plaza izendatzeko ekitaldirako, Imanol Azkuek duela ia 4 urte Zumaiako albergei buruz
Baleiken idatzitako artikulu batean oinarrituta. Idatzi haren izenburuak berak asko esaten du: Albergak, faltaren oroimina.

Arabieratik datorren hitza da ALBERGA, hain zuzen ere, “alberca”-tik, eta ur putzua esan nahi du. ALBERGA hitza nahikoa arrunta da inguruko beste herri batzuetan ere, ez da hemengoa bakarrik. Hala ere, Zumaian albergak ura gordetzeko eraikinak baino zerbait gehiago dira: arropak garbitzeko lekuak.
Izan ere, lehen ez zegoen garbigailurik etxeetan eta arropa kanpoan garbitzen zuten. Duela hamarkada batzuk arte etxeetan ez zen egoten urik ere, eta behar zena kaleko iturrietatik eramaten zuten. Arropa garbitzeko lekua errekaren edo ibaiaren bazterrean egoten zen, edo, bestela, iturri baten ondoan.
Madalena Egañak “Zumaiako ahotsak” webgunean kontatzen duenez, iturriduna zen Beheko alberga: “Norberak nahi zuen adina aska bete, jabonadura harekin egin eta gero, irteterako, berriz ere garbia jarri”. Kanpoko marinelak ere joaten ziren, Laredokoak-eta, emakumeak erretiratutakoan, garbitzera, bizarra moztera… Arritokieta Manterolak xehetasun gehiago eman zituen: 11 aska zeuzkan, eta Patxi Barrandero zain egoten zen egunero emakumeak noiz alde egingo, eskoba latzarekin askak pasatzeko.
Herrigunean gutxienez lau alberga egon ziren XX. mendean:
  • Goiko Alberga hementxe,  dorrea edo artxiboa dagoen lekuan, 1840an eraikia
  • Beheko Alberga Ardantzabideren hasieran, 1889an eraikia
  • Arroakaleko alberga Iturrikoa baserriaren ondoan zegoen
  • Eta laugarrena Estazio aldean, Zubiberriaren pare horretan, 1915ean eraikia.
Arropa garbitzeko lekuak izateaz gain, ordea, albergek bazeukaten beste funtzio bat: sozializatzeko eta harremanetarako elkarguneak ziren, horietan elkartzen zirelako emakume asko, eta arropak garbitu bitartean kontu eta kantu asko partekatzen zituztelako.
Gaur egun, zoritxarrez, albergarik ez daukagu Zumaian; XX. mendearen amaieran bota zuten Behekoa eta XXI.aren hasieran Goikoa, ustez aurrerabidean ez zutelako ezertarako balio.  Beste herri batzuetan bertako garbilekuak txukun eta ondo zainduta ikusten ditugunean , orduan eta nabarmenagoa da gure hutsunea…
Gutxienez, gaurko izendapen honek balio dezala izan zenari izena jartzeko, oroimenaren bitartez oroimina leundu eta garai baten aztarnak “ikusten” jarraitzeko.