Pio Gogorza Egaña, Elkanoren modeloa

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia 2020ko urr. 12a, 11:55

Pio Gogorza, eta Zuloagak egindako margolana (Euskalerriaren Adiskideen Elkartea)
Wikipedian Juan Sebastian Elkanoren artikulua osatzen eta eraberritzen aritu da Galder Gonzalez azken egunotan, eta txio batean aipatu du Zuloagaren margolanean agertzen dena nor den: Pio Gogorza azpeitiarra, urte askoan Zumaian albaitari izandakoa.

Orain aipatuko ditugun kontu guztiak beste artikulu honetatik jaso ditut.

Jose Manuel Etxaniz Makazagaren lana da, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko aldizkarian argitaratutakoa (CC BY-SA 4.0 lizentziarekin ekarria).

Azpeitian jaio zen 1878an Pio Gogorza Egaña; aita azpeitiarra zuen eta ama itziartarra. Zaragozan ikasi zuen albaitaritza, eta pertsonaia bohemioa izan zen, arlotea, zurrutean ibilizalea. Soraluzeko albaitaria izan zen lehenbizi, eta Zumaiakoa ondoren. Jose Larrearen ordez sartu zen, eta 20 urtez aritu zen postu horretan, 1911tik 1931ra bitartean. Osasun arazoengatik utzi zuen ardura hori, eta Udalari pentsio edo laguntza bat eskatu zion, aurrera egiteko. San Juan egoitzan egin zituen 3 urte, eta azken urtea Itziarko beste egoitza batean eman zuen, 1935ean hil zen arte, 57 urte zituela.


Gipuzkoako Foru Aldundiak 1921ean Zuloagari agindu zion Elkanoren erretratua egiteko. Pintorea Getarian aritu zen irudiren baten bila, baina ezer topatu ez zuenez, Pio hartu zuen modelotzat. Euskaldun itxura bazuen, liraina zen, kementsua, eta halaxe egin zuen Zuloagak gorputz osoko irudia 1922an, gaur egun Foru Aldundiaren eraikinean ikus daitekeena. Gainera, irudi horretako aurpegia erabili zuten gero 1948an 5 pezetako billetean jartzeko.