Saretu

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia 2020ko api. 1a, 12:45

(Apirileko Baleiken argitaratutako artikulua)

Sarearen irudia sarri agertu da era askotako ekimenetan, gehienbat herritarrak elkartzea helburu izan duten batzuetan: dela Euskaraldia, dela erabakitzeko eskubidearen alde... Hitz hori entzun eta gehienbat etortzen zaigun ideia da harremanetan jartzea dela kontua, konektatzea, nolabait lotzea edo atxikitzea zerbaiti. Hala ere, komeni zaigu jakitea beste esanahi bat ere baduela saretzeak: desegitea izan daiteke, lehen trinkoa zena arintzea, esaterako zeruko hodeiei argiuneak nagusitzean, edota galtzerdiaren orpoa ibiliaren ibiliz gastatzen denean...

Duela 7-8 bat urte lan bat egin nuen, EUSKURA izenekoa; euskal kulturgintzako ikastaro baten amaierako proiektua izan zen, Zumaian euskara eta kultura uztartzeko proposamen bat. Besteak beste, herriko kultur elkarteak jarri nituen mapa moduko batean: tamainaren arabera egokitu, euskal kulturarekin zuten harremana kolorez adierazi eta haien arteko harremanak hari moduko batzuen irudikatu ere bai. Aberasgarritzat jo nuen sare itxurako hura, elkarlana eta sortzeko gogoa erakusten zituelako; horrekin herria bera eta euskara ere indartzen zirela ikusi nuen.

Garai zailak datozkigu kulturaren arloan, azken asteotan sortzaile askori lanerako aukerak izugarri mugatu eta iturriak ia agortu egin zaizkielako. Elkarrekiko gutxienez metro eta erdiko distantzia gordetzeko eskatzen digute, eta horrela zaila da eskutik heldu eta auzolanean aritzea. Kontratu prekariodunak eta autonomoak bezalaxe, horrelako larrialdietan ikusten da artista jendeak nolako baldintza eskasak dauzkan oro har, eta zerbait pentsatu beharko dugu haiei ere laguntzeko, sarerik gabeko trapezista bihur ez daitezen. Bestelako premiak gutxietsi gabe, kulturaren aldeko apustuari eutsi behar zaiola uste dut. Ezinbestekotzat jotzen dut elkarlanean aritzeko egitasmoak bultzatzea, kulturgileei baliabide egokiak eskura jartzea sortzen jarraitzeko.

Nik irudikatu nuen mapa haren tankeran, Udalak panel baten bildu zituen 2015ean kultur arloan zebiltzan talde guztiak, metroko ibilbideen sare bat balitz bezala; Ignacio Zuloaga plazan hantxe dago, gero eta gastatuago... Zaharkitu ere egin da, mapa guztiak bezalaxe, etengabe agertzen eta ezkutatzen direlako taldeak eta elkarteak. Harietako batzuk eten egin direlakoan nago, gainera.

Horregatik, garai bateko saregileak bezala, elkarren ondoan jartzea egokituko zaigu laster; kulturaren sarea hariz behar bezala josi beharko dugu, itsaso beldurgarri hau baretzean arrantzan aritzeko aukera izan dezagun. Etorriko da, seguru, elkarrekin despeska egiteko garaia!