Beste sei ipuintxo

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia 2018ko abe. 8a, 11:22

Durangoko Azokan “DA! Asko dira”, eta aurten ere haurrei zuzendutako beste sei ipuin txiki aurkeztu ditu Gessamí Forner lagunak; euskarara ekartzen lagundu diot. Iaz sei goxoki proposatu nizkizuen eta duela bi urte beste hainbeste. Sortak 8 € balio du, eta banaka hartuz gero, ipuin bakoitzak 1,50 €. Goienkale 83ko standean aurkituko duzue belarriprest jator hau, eta Durangora joateko aukerarik ez baduzue, MINIS argitaletxean eskura ditzakezue. Minis bildumaren bosgarren sorta honetan, besteak beste, sexualitatea, generoak eta migrazioa lantzen dira.

Arau-emaile ez diren maskulinitateez idatzi du Zazu Navarrok Nire tutua ipuinean. Mutil protagonistari tutua jantzita ibiltzea gustatzen zaio, eta lagunek galdetzen diote ea mozorroa den, nesken arropa ez al den; edota gauza jakin batzuk egiteko moduan izango den. “Noski!”, erantzun die mutilak.

Sexualitatearekin dugun lehen harremana gorputza ezagutzen hastean izan ohi da. Haurrek gorputzeko atalak ukitzen dituzte. Guk ere hala egiten dugu. Garrantzitsua da ondo ukitzea: nork bere burua, intimitatean eta esku garbiekin. Horrela azaltzen du Mamen Jiménez sexologo eta psikologoak Kilika ipuinean. Liburu egokia da txikitatik irakurtzeko, orduan hasten direlako jo eta ke ukitzen, baita jendaurrean ere!

Rocío Márquezena da Paseoan espazioan ipuina, eta irudiak Fernando Martínenak. Eguzki-sistemari buruzko liburua da; errimaduna, gainera.

Antoni Mañach-ek idatzia da Amona eta liburuak, eta haren adiskide Lourdes Ral-ek egin dizkio irudiak. Liburu berezia da, besteak baino luzeagoa, bizitzari buruzko gogoeta asko egiten dituena.

Karmele irakasle batek idatzia da, Laia Ruizek. Ikastetxeetan gure haurrak zaintzen dituzten andereño guztiei egindako omenaldia da. Soila bezain ederra, txiki-txikientzat oso aproposa.

Menelik Bilbora etorri da ipuina, azkenik, Gessamí Fornerrek berak idatzitakoa da. Errefuxiatuez ari dela dirudi, baina haurren jokabidez ari da gehiago, egia esan, nola jolasaren bitartez elkar ulertzen duten, aldeak alde. Helduok badugu zer ikasia!

Ea gustatzen zaizkizuen.