Ailarak, sardinzarrak eta txakolina

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia 2018ko api. 17a, 15:18
Leitza eta Zumaia elkartuko ditugu artikulu honetan, baina ez ezazu espero film txatxu bateko txokoei buruzko azalpenik. Kontu zaharrak bai, aspaldiko paperetan hasi eta gaur egungo txakolin botiletara iritsi direnak, zirtzilu izenekoak tarteko. Patziku Perurena idazleak jarri gaitu harremanetan eta elkarlanean. Horrelako istorio gehiago plazaratzeko aukera izan dezagula!

Askok ez dakite, eta esan dezagun zer diren zirtziluak eta ailarak: barrikak eta zurezko bestelako ontzi biribilak estutzeko erabili izan diren zumeak, oraingo burdinazko uztaien paper berbera egiten dutenak. Gogoratzen sardinzarren ontzi biribil haietan izaten ziren zurezko eraztun haiek? Haietxek ba!

2017ko irailean Patziku Perurenaren mezu hau jaso genuen Zumaiako Euskara Zerbitzuan:

Jakin nahiko nuke sardina zaharren ontzi tipiko honi nola deitu izan zaion kostaldean, portuetan, sardinera artean, esate bateko: Bermeon, Zumaian, Pasaian eta Baionan.

Bihotzez eskertuko nizuke erantzun axkar eta prestua.

 

Egun horretan bertan, etxeko entziklopedian egin nuen kontsulta: amari galdetu nion. Aparteko izenik ez zuela, ustez, baina Artadiko Gosrostiaga aldean bazela tuelero (tonelero) bat, etxez etxe barrikak konpontzen ibiltzen zena. Amak hala gomendatuta, hiztegi tekniko batera jo nuen hurrena: Madalen Egañari deitu nion, kontserba fabrika batean lanean ibili zelako urte askoan. Azkenean, hark esandakoak bidali nizkion leitzarrari:

Egurrezko beste bi ontzi klase erabiltzen ziren arrainekin:

 

·         TIÑAK: behea estua eta goia zabalago. Handiak ziren (arraunerako ere erabiltzen ziren jaietan), 1.000 kg-rekin bi eta erdi betetzen omen zituzten. Txikiago batzuk ere izaten ziren, ura eramateko; gero etorri ziren zinkezko ontziak.

 

·         BARRILLAK: barrika txikiak, barrikazaleak (toneleroak) egiten omen zituen, uztaiak ere egurrezkoak. Tamaina askotakoak izaten ziren, eta atunarekin erabili ohi ziren, tapa jarrita garraiatzeko.

 

Sarea bota zuen Patzikuk, baina nahi bezalako arrainik edo nahi bezainbeste ekarri ez! Zehazki ontziak lotzeko zurezko uztaiei buruzko kontuak biltzen ari zela kontatu zidan, baita pasarte polit askoak bidali ere. Esate baterako, beheko hauek.

Leitza-Goizueta aldean udal aktak hasten direnetik ageri da zurezko arrain barriken zirtziluak egiteko kontua. Hasieran lizarraaipatzen da, baina gero hurritza, gehienbat. Honatx aipamen bat edo beste, zertaz ari garen jabetzen joan zaitezten, urterik urte:

1556: «… abian arrendado a remate de candela el fresno de los terminos de leyça pa hazer cercillos al dicho Garzia de Ezcurra por quoatro ducados y medio…».

1618: «… nuebe ducados de la renta del monte de abellanos de Leyçalarrea para çercillos o allaras para arquear las barricas para la mar».

Horra zertarako izaten ziren. Hobeki esaterik ez baitzegoen. Bertako portuetan erabili ez ezik, itsasoz esportatu ere egiten baitziren mundu zabalera, gure basoetako zirtzilu edo ailara unibertsalok.

1624: «... seis ducados y quatro reales de la arrendacion de los montes avellanos de Leiça Larrea de çercillos y allaras para Andalucia y parte de Yndias».   

Eta Leitzakoak osatzeko, honatx zaharrago eta nobleagoak, Pedro Nafarroako azken mariskalak Goizueta-Orreaga arteko auzian 1510ean finkatu zuen araudian:

Cercillos: «que los dichos vecinos de Goyçueta en los dichos seles puedan hazer çerçillos para si y para vender a su propia voluntad».

Eta mende bete lehenago, hara nola dakarren Yanguasek bere hiztegi sonatuan:

Sercieillos, cellos de cuba. «15 cargas de sercieillos para guarnir las cubas de su casa». Don Karlos III.ak Olitera bidali omen zituenak 1401ean. Ez duzu, beraz, atzo goizeko ihintza gure basoetako zirtzilugintza.

Kontuan izan langite honek sekulako inportantzia izan zuela, menderen mendetan, batez ere zurezko upel, barrika eta beste arrain ontzien zirtziluak egiteko. Eta nork ez ditu ikusi zirtziluok, edozein dendatan, sardinzar gazituen barriketan edo antzekoetan? Horra, gure garaian jende pobrearen lotsa berpizten zuen sorkaria, gure basoa eta itsasoa xalo demonio uztartuz, munduan barrena paseoan, gosea neurri, zinezko turismoan.

Eta erdaraz «cercillos, allaras, arcos, aros, cellos» eta abar deitu sorkari honi, zenbat modutara deitu ote zaio euskaraz? Zinez mereziko luke ongi aztertzea. Zirtzilu, ailaga, karela, uztai, eraztun…

Hona artekoak Patzikuren laneko zati batzuk dira, 2017an ondutakoak. Erdi ahaztuak nituen, 2018 hasieran Zumaiako etxeen izenak biltzen hasi ginenean. Proiektu horrekin lotuta, egun batean Pello Etxabe etorri zitzaidan bixitan, bi orrialdetan izenen zerrenda bat hartuta. Esan zidan haietako izen asko Oñatiko Artxiboko hipoteka agirietan ikusiak zituela, eta Interneten eskura zeudela! Begira hasi eta 1773ko agiri batean «Hallaragillenecoa» topatu nuen, Pelloren zerrendan jasotako etxe izen bat, hain zuzen.

Punta (Talaimendi), Santa Klara, Bitarte, Iparragirre… izen ezagunak dira ondokoak, baina non ote zegoen beste etxe hura? Bigarren erreferentzia bat ere topatu nuen Oñatiko hipoteken artean, 1775ekoa, kasu horretan «Allaraguilenea» agertzen da. Ertean izenari tankerarik hartu gabe, badaezpada begiratu nuen beste Azkue haren hiztegian eta… ttak!

AILARA: fleje, ramas delgadas y rectas, cortadas verticalmente y labradas por un solo lado, que sirven para hacer aros de barricas ó cestas. Muchos impropiamente tienen por sinónimos AILARA y ZUMITZA. Se distinguen en que AILARA es «fleje labrado solo por un lado», ZUMITZA es «fleje labrado por los dos lados».

Hara nola ontziratu nuen Patzikuren gustuko arraina! Baina nik aurkikuntzaren berri emateko tarterik hartu ez. Begiz aurkitu nuen lehenbiziko alea, eta belarriz etorri zen bigarrena. Behar baino kasu gutxiago egiten diogu oro har adineko jendeari, entzuten ere ahaztu zaigu, eta zenbat ahozko harribitxi galtzen ari garen! Ama ari zitzaigun kontu-kontari, hiztegi bizidun aparta, eta hara non aipatu zuen Getariako «Allaille» baserria! Zumaian bizi dela hango alabetako bat, gure ezagun Iratxeren ama.

Idatzi nion Iratxeri telefonora mezua, eta baietz, Akerregiberri baserrian errentan egon zirela amaren familiakoak; jendeak «Allaillekoak» esaten zietela, amaren aitona Migel Aizpuruak barriken uztaiak egiten zituelako, eta horregatik jarri diotela haren birbilobek txakolin mota bati «Aialle» izena. Eta hara non topatu nuen botilaren etiketa, bere irudi eta guzti, gure zirtzilu edo ailaragile unibertsal guztien ohoretan.

Gure aitak karta jokoan esan ohi duen bezala, «earra etxaa!». Orduan bai, merezi zuen Leitzako lagunari arrantzaren berri ematea. Eta Patzikuren erantzuna, hunkigarria: «Gure ofizio esker gaiztoko honetan ez diat poz haundiagorik sekulan eraman, Xabier!». Halaxe borobildu ahal izan zuen iaz hasitako lana; Leitza-Goizuetan eta Zumaia-Getarian auzolanean egindako artikulua argitaratu zuen martxo amaieran eta, haren baimenarekin, egokituta ekarri dizuet hona.

Honetara ezkero, ondo irabazia izango dugu, Patziku, txakolin bana: paperzaharzaleon eta hiztegi bizidunen omenez, topa!