Sei goxoki

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia 2017ko abe. 14a, 09:46

Durangoko Azokako festa handi horretan ez da erraza izaten zer hartu aukeratzea, denetik egoten delako, gazitik eta gozotik. Gozozalea naizen aldetik, eta Gabonetarako opari politak izan daitezkeela uste dudanez, gomendio honekin natorkizue: 6 ipuin goxoki.

Sormenaren lurraldea izan da igaro berri den Azokaren aurtengo leloa, eta ehunka nobedade egon dira aukeran. Neuk zuzenean sortuak ez diren arren, literatura itzultzeak eskatzen du sormena ere, eta udazkenean euskaratu ditudan 6 aletxo hor egon dira eskaintza zabal horren barruan. Iaz beste 6 aurkeztu genizkizuen, eta haiek bezala, aurtengoak ere liburu txikiak dira, haurrek esku artean erraz erabiltzeko modukoak. 6 ilustratzaileren lanak daude sortan, bakoitzak ipuin bana jantzi duelako. Ez dira gutizia garestiak, gainera: sortak 8 € balio du, eta banaka hartuz gero, ipuin bakoitzak 1,50 €. nahi izanez gero, MINIS argitaletxean eskura ditzakezue.

Aurreko ipuinetako asko helduek irakurtzeko pentsatutakoak ziren; sorta honetakoek, berriz, aukera ematen dute txikiek irakur ditzaten. Horregatik jokatu da tipografiarekin: maiuskulak, minuskulak, letra lotuak... Oinarrizkoena Azkura buruan izenekoa da, letra larriak ditu eta testu gutxi. Tarteko maila du Tititxo deitutakoak, esaldi luzeak maiuskulaz dauzkalako eta laburrak minuskulaz eta letra lotuz. Lehen hezkuntzako hasierako irakurketa horietarako egokiak dira Udaberria (haiku edo olerki laburrak) eta Kaxa misteriotsua (tartean paragrafo puska batzuekin!). Jauzia emateko prest daudenentzat egokia da Kale Nagusia, letra lotuaren eta inprimategikoaren artekoa, handia baina minuskulaz, hondo zuriarekin. Ondo irakurtzen hasten direnean, Bihotz handi-handia har dezakete, inprimategiko letra duena, baina erraz irakurtzeko modukoa.

Hara ipuin bakoitzak zer kontatzen duen:

AZKURA BURUAN
ZO-RRI-AK. Ikastetxean izurritea zabaltzen denean... akabo! Pentsatze hutsarekin azkura sortzen zaigu buruan, ezta? Baina... zein da haurren ikuspegia? Bitxia da helduok nola ikusten gaituzten, hain aztoratuta, animalia horiek bisitan datozkigunean. Ahalik eta umoretsuen, zer egin behar den erakutsiko digu ipuin honek. Txikientzat egokia da, baina bost urtetik gorakoentzat ere bai, erraz irakurtzen delako eta esaldi laburrek aukera ematen dutelako ondo ulertzeko. Irudiak xehetasunez beteta daude, gainera.

TITITXO
Titia kentzeak larritasuna, tristura eta batzuetan haserrea ere sor lezake haurtxoengan. Hori gertatzen zaio ipuineko nexkari. Zer sentitzen duen eta nola aurre egiten dion kontatzen du: gurasoen besarkadak, ipuinak, jolasak... Ipuina ez da bularra hartzen duten umeentzat bakarrik, denek ikus dezaketelako frustrazioa eragiten duen egoera bat nola gaindi daitekeen.

UDABERRIA
Aurreko Mini ipuin baten jarraipena da: Negua zen hura. Urtaroei buruzko ipuinak dira, eta naturaren bitartez denboraren joanak sorrarazten dizkigun sentimenduak adierazten dituzte, haikuen bitartez. Japoniako olerki tradizionalak dira haikuak, 3 lerro laburrez osatutakoak, errimarik gabeko kopla modukoak. Udaberriak pizten dituen emozioak erakutsiko dizkigute ipuin honetakoek, kardantxilo baten begietatik, animaliak eta zuhaitzak jaiotzen eta loratzen. Naturari begiratuta, haurrek denbora nola igarotzen den hobeto ikasiko dute.

KAXA MISTERIOTSUA
Ipuin honetan hiru anai-arreba jakin-minez daude: zer ote darama bizilagunak egunero kalerakoan gurpiletan arrastaka kaxa horren barruan? Irudimena erabiliz, erantzunaren bila hasiko dira, kaxa barruan zer dagoen jakin arte. Oso aproposa da 6-8 urte bitartekoek beraiek irakurtzeko, edo 3-6 urtekoei heldu batek kontatzeko.

KALE NAGUSIA
Etxe askotan gertatzen dena jasotzen du ipuin honek: eraikin berean bizitzen era askotako familiak, norbanakoak, lagun taldeak, hango eta hemengo jendea... Alimaleko auzoa osatzen dute hauek, eta ondo moldatzen dira. Irakurtzeko oso erraza da letra, eta 5-8 urte bitartekoek irakurtzeko ezin aproposagoa.

BIHOTZ HANDI-HANDIA
Amets baten atzetik abiatzea izaten da bidaia handien hasiera. Ipuineko mutikoaren ametsa da mundu guztia maitatzea. Baina, nola lortuko du? Istorio honen bitartez gogoeta egingo dugu elkar maitatzeari buruz, desberdintasunak alde batera utzi eta zerk batzen gaituen bilatuta. Txikiek ere gozatuko dute, baina 5 urtetik gorakoek zuku gehiago aterako diote. 6-7 urtekoentzat egokia izan daiteke; dena den, aproposa da 5 urtekoei geuk irakurtzeko ere, elkarrekin hausnartzeko maitasunari, errespetuari eta estimuari buruz.