Azaroan, 'Proleterka'

Erabiltzailearen aurpegia

Italieraz idazten duen idazle suitzar baten liburua izango dugu mintzagai azaroaren 12an: Fleur Jaeggy da bera, 1940an Zurichen jaioa. Proleterka eleberriaz arituko gara arratsaldeko 18:00etan Alondegiko Moila gelan. Nahi duenak, zabalik aurkituko ditu ateak.

Ikasketak Suitzan burutu ondoren, gazterik, Erromara joan zen bizitzera Jaeggy. Bertan Ingeborg Bachmann eta Thomas Bernhard ezagutu zituen. 1968 urtean Milanera joan zen Adelphi Edizioni argitaletxerako lan egitera. I Beati anni del castigo (1989) izenburuko eleberria izan zen haren lehen arrakasta. Times Literary Supplementek urteko libururik onenaren saria eman zion hizpide izango dugun Proleterka eleberriari 2003an. Itzultzaile gisa, italierara ekarri ditu Marcel Schwob eta Thomas de Quincey egileen lanak. Jarduera literarioa eta itzulpengintza bateratzen ditu.

Sinopsia:

Proleterka nobela labur eta bitxi honetan, kontalariak oso dosi txikietan aletzen du nerabezaroan egindako itsas bidaia bat, oroimenak lausotzen hasteko aski denbora izan duenean, berrogeita hamar urte beteta hain zuzen.

Nabarmena da liburuan, lehen lerrotik hasita, heriotzak, eta bereziki suizidioak, hartzen duten nagusitasuna. Hala ere, zalapartarik gabe aipatzen dira, espanturik gabe.

Bidaia iniziatiko baten narrazioa ere bada Proleterka, itsasontzian doan neskaren lehen sexu-esperientziak azalduko dizkiguna, ontzi zarpail samar bateko kamaroteko giro itogarrian eta modu bortitz samarrean gauzatuak.

Eros eta Thanatos, beraz: eroen ontzia bere nora ezean daramaten bi arraunak. Horretara murrizten du emakume narratzaileak bizitza. Ez dago aitaren bilaketarik, ez aita hil beharrik: bizia berez doa, eroen itsasontzia bailitzan, portu batetik bestera, geldialdi laburrak eginez han eta hemen, azken portura iritsi arte.

Hemen duzue informazio osagarria:

Kritikak