1.041 lagun agertu dira 0-6 umeentzako lokalaren alde bi asteko epean

Erabiltzailearen aurpegia Txiribuelta Elkartea 2018ko mai. 5a, 09:16

0-6 umeen eta gurasoen lokala egitearen aldeko sinadura bilketa itxitzat eman genuen astelehenean. Bi astez aritu gara atxikimenduak lortzen, guraso batzuena baino, eskaera herritar askorena dela agerian uzteko asmoz. Emaitza argigarria izan da: 18 urtetik gorako 1.041 lagunek bere egin dute Zumaian 0-6 umeen eta gurasoen lokalaren beharra.

Txiribuelta elkarteak azken hiru urteetan bultzatutako ideia izan da 0-6 ume eta gurasoentzako lokala sortzea. Zumaiako 66 familiak eta 105 umek osatutako elkartea da Txiribuelta, baina zenbait familiaren beharrak asetzeko baino harago doan eskaera da. Jakitun ginen ume txikienentzat egokitutako leku bat, gurasoentzako topagune ireki bat, edukitzea askok eta askok begi onez ikusten duen proiektua dela. Herriari, oro har, mesede handia egingo diolako, umeak hazteko leku hobea egingo duelako, besteak beste.

Hori jakitun abiatu genuen sinadura bilketa. Eta pare bat astez bakarrik luzatu dugu, helburua ez zelako horren alde dauden guztiak elkartzea, baizik eta herrian bizilagun askok begi onez ikusten duen beharra dela erakusteko. Sinadura bilketaren emaitzak hala berretsi digu.

Laster Udalaren esku utziko ditugu sinadura guztiak eta horrekin batera lokalaren gaiari berriz heltzeko eskatuko diogu, herrian dauden aukerak aztertu eta denontzat egokiena den espazioa sortzeari ekiteko asmoz.

Mila-mila esker zuen sinaduraren bitartez lokalari bultzada eman diozuen 1.041 lagunei.