Txiribueltak zirko tailer irekia antolatu du Soka! konpainiaren laguntzaz

Erabiltzailearen aurpegia Txiribuelta Elkartea 2017ko urt. 20a, 10:08

0-6 urteko haurrak eta beren familiak gonbidatu nahi ditu Txiribuelta elkarteak, larunbatean Torreberrin izango den Zirko tailer irekira.

Tailer hau 2-6 urte bitarteko haurrentzat izango da eta 0-2 urteko haurrentzat eremu bat egokituko da Torreberriko goiko gelako gaineko eremuan.

Soka! konpainiako Jon Garciak eta Virginia Maffassantik gidatuko dute saioa. Goizeko hamaiketan, beroketa batekin emango zaio hasiera Torreberriko aterpean, bertan 2-6 urteko haurrak, eta haien gurasoak, hotzari aurre egiten saiatuko dira. Saioaren bigarren zatia, Torreberriko goiko gelako eremu nagusian izango da. Lurreko akrobaziak, telak, malabareak, trapezioak eta askoz gehiagotarako aukera izango da bertan.

Torreberri goiko gelako gaineko eremuan, giro lasaiago eta goxoago batez gozatzeko aukera izango dute haur txikienek eta euren gurasoek.

Eguerdiko hamabi eta erdiak aldera, eguraldiak laguntzen badu, Torreberri aurreko eremura jaitsi eta bakoitzak nahi duenarekin jarraitzea da ideia. Nahi duenak, malabareak, uztailak… eraman ditzake.

Bazkidetza kanpaina martxan dagoela eta, edozer galdetzeko aukera izango da bertan, Txiribuelta elkarteko partaideak izango baitira bertan antolaketa lanetan eta baita tailerrean parte hartzen ere.

ANIMATU ETA FAMILIAN PARTE HARTU!