Laugarren, azkenean

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Telmo Deun 2017ko abu. 21a, 09:09

Bukatu dute KAE 1 liga gure arraunlariek, eta azkenean, laugarren izan dira. Asteburua okertu egin zitzaien larunbateko estropadan, Zarautzen: zortzigarren egin zuten, eta sailkapen nagusiko laugarren lekua galdu, bosgarren jarriz. Baina igandean, azkeneko jardunaldian, Bilbon, berreskuratu egin zuten laugarren tokia.

Erlojuaren aurka aritu ziren igandean, Ibaizabal ibaian, eta lan ederra egin zuen Zumaiak. Hirugarren denbora onena egin zuen, Donostiarra eta Santurtziren atzetik. Hamaika eta zortzi segundo atera zizkioten, hurrenez hurren. Lehia Getariarekin zuen Zumaiak laugarren postua lortzeko, eta estu joan zen lehen bi luzeetan, denbora bera egin zutelako aurreneko bi ziabogetan. Hirugarrenean hautsi zuen berdinketa Telmo Deunek, bost segundo sartuz getariarrei, eta helmugan ere horixe izan zen aldea.

Estropada bukatu ondoren, pozik ziren zumaiarrak, eta baita Bilbora joandako zaleak ere. Estropada guztietan izan dira zumaiar zaleak gure arraunlariak animatzen, eta igandean, arraunlariek, esker onez, zaleei txaloak eta guzti jo zizkieten, denboraldi osoan gertu izateagatik; zaleek ere gogoz jo zieten txalo arraunlariei. Zaleek erabili ohi duten bandera gorria traineruan ere sartu zuten, Aupa Zumaia ondo asko erakusten duena. Aurtengo KAE 1 liga bukatzeko irudi polita utzi zuten zaleek eta arraunlariek.

Kontxa, orain

Denboraldia ez zaie amaitu gure arraunlariei, Kontxa datorkielako orain. Sailkatze estropada jokatuko dute abuztuaren 31n, Donostian. Traineru asko ariko dira lehian zazpi leku desiratuak lortzeko.