Asteburu beltza

Erabiltzailearen aurpegia

Itxaropenak baziren Telmo Deunek Zarautzen emaitza onekin segitzeko, baina bi kolpetan, asmo on guztiak pikutara joan ziren. Larunbatean azkena, igandean ere azkena, eta Portugaletek orain bederatzi puntuko aldea lortu du. Lau estropada bakarrik falta dira.

Emaitzak onak izan ez direla ezin da ukatu, baina horrek ez du esan nahi gure arraunlarien lana txarra izan denik. Nahikoa egin dute Zarautzen, bi egunetan kale txarrenen arraun egin eta gero. Larunbatean, 18 minututan Portugaleterekin parez pare ibili ziren, eta azkeneko bi minutuetan atera zuen tartetxoa San Miguel liga honetako aurkari zuzenak. Igandean, bi luzetan eutsi zioten gureek, baina azkeneko bietan hanka egin zuen Portugaletek.

Kale zozketan, ez da batere zorte onik edukitzen ari Telmo Deun. Ia astebururo egokitu zaio txarrena edo txarrenetakoa, eta ez da aitzakia, errealitatea baizik. Kanpoko faktore horiek ari dira kondenatzen Zumaia KAE 1 ligara, neurri handi batean. Bestela ere, lan zaila da liga nagusian jarraitzea, eta kanpoko faktoreen aldeko zorterik gabe, ia ezinezkoa.

Baina kontuak kontu, matematikak aukera ematen die oraindik gure arraunlariei. Zaila dagoela onartuta, ez dago dudarik gure arraunlariek dena ematen segituko dutela. Datorren asteburuan, Hondarribian eta Castro Urdialesen ariko dira, larunbatean eta igandean, hurrenez hurren.

Zumaia B zortzigarren Santoñan

Larunbatean aritu zen Zumaia B Santoñan, KAE 2 ligako estropadan. Erlojuaren aurka, lan ona egin zuten gure arraunlariek, eta nagusi izan ziren bere txandakoen artean. Gero, bigarrengokoek hibetu egin zituzten zumaiarren denborak. Sailkapen nagusian, zortzigarren dago Zumaia B.

Datorren asteburuan, bi estropada izango dituzte: larunbatean, Plentzian, eta igandean, Camargon.

Doluminak Patxi eta Igor Francesi, eta Karlos Mendizabali

Kirol arlotik kanpo ere, albiste ilunak izan dira bueltaka Arraun Elkartearen inguruan. Astean zehar, Karlos Mendizabal gure arraunlariaren aita hil zen, eta larunbatean, Patxi Frances entrenatzailearen aita eta Igor Frances arraunlariaren aitona. Arraun Elkartetik doluminik sentikorrena eta babesik handiena ematen dizkiegu hirurei.