Arrauna

GUTUNA: Zumaiako Arraun Elkartearen eskudo berria

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Telmo Deun 2015ko eka. 24a, 16:55

Herriko arraunzaleok dakizuen bezala, Zumaiako Telmo Deun AKE ez zen hutsetik sortu, baizik eta urte luze eta oparoetan zehar Aita Mari AEk egindako lanaren oinordeko gara. Ibilbide horrek Zumaiako arraunaren ikur bihurtu ditu Telmo Deun trainerua eta Jose Mari Zubia “Aita Mari”ren irudia.

Zumaiako Telmo Deun AKE sortzean ikur propio bat lantzeko saiakerak egin ziren, baina elkarteko arraunlari eta bazkide gehienek zeudenak mantentzeko eskaera egin zuten. Zuzendaritzako kideoi eskaera egokia iruditu zitzaigun, urte luze horietako lanari aitortza egiteko modua zelako eta banaketaren ondoren Aita Mari AEren eskudoa erabiltzeko baimena genuenaren ustean ginelako. Hori horrela, azken urteotan hura erabili dugu gure burua identifikatzeko.

Kaletik ordea, bestelako txutxumutxuak iritsi zitzaizkigun, eta urte hasieran Aita Mari AEri idatzia zuzendu genion eskudoa erabiltzeko baimena berresteko eskatuaz. Eta Aita Mari AEko zuzendaritzaren erantzuna ezezkoa izan da. Ordura arte erositako materialean manten genezakeela, baina hemendik aurrera beste bat erabiltzeko eskatu digute, nahiz eta erabakia elkarteko hurrengo batzarrean aztertuko den aipatu.

Baina, hara non, eskudo aldaketa gauzatzeko denborarik eman eta batzarraren erabakiaren zain egon gabe, hura kentzeko exijentzia era trakets eta anonimoan Gipuzkoako Federazioraino iritsi den.

Guzti hau kontuan hartuta eta eztabaida honekin bukatzeko, Zumaiako Telmo Deun AKEk  ikur propioa landu du, beti ere gure elkarteko kideek bere garaian egindako eskaerak aintzat hartuta, eta ekainaren 3an egin berri dugun batzarrean bazkideen erabateko oniritziarekin aukeratu dugu.

Ikur berri hau ekainaren 27an egingo dugun urteroko aurkezpen ekitaldian emango dugu ofizialki argitara. Zumaiako arraunzale guztiak gonbidatuta zaudete bertaratu, gure neska mutilak txalotu eta hurbiletik ikur berria ezagutzera.

Etorri! Ekainaren 27an, 13:00etan, arranpla parean izango gara zuen zain.

Aupa Telmo Deun! Gora arrauna!