Maiatza

Erabiltzailearen aurpegia Sara Saizar 2019ko mai. 10a, 17:35

Egutegira begira jarri eta dagoeneko, urteko bosgarren hilabeteko bigarren asteburuan gaudela konturatu. Ai ene, San Telmoekin denboraren nozioa galdu eta di-da baten iritsi hona. Maiatza. Loraila.

Gustatzen zait maiatza. Gustatzen zait loraila.

Pasa den hilean erosi nituen geranio eta bitxiloreak hasi dira loratzen, abegitsua da goizean leihoak irekitzea. Etxean dugun masusta zuhaitza ere masustak ematen hasteko prest da.

Etxetik atera eta pixka bat aurrerago, sekulako usaina datorkit. Sasoi honetan bistaratzen da, uste dut jasmina dela, landare igogarri bat dela esango nuke. Niretzat, kresalarekin batera, Zumaiak udaran duen usaina da. 

Gorantz begiratuta, enarak etorri direla ikus dezaket. Oker ez banago, Imanol Azkueri irakurri nion behin, maiatzak 3an heltzen zirela Zumaiara, Afrikatik migratu eta pixkanaka gure kostaldera hurbiltzen joaten omen dira. Ordutik, apirila amaieratik, etortzen direnera arte, beraien zain izaten naiz.

Hondartzako lehen egunak ere ez daude urruti. Eta gure zuritasuna alde batera lagata, hondartzako lehen egunak baino gauza hoberik gutxi. Nork ez du gustuko eguzki kremaren usaina, itsasoaren melodia edota behatz artean hondarra izatea?

Arropa aldaketak ere oraintxe tokatzen dira, sandaliak janzteko deseatzen gaudenok dagoeneko azazkalak gorriz margotu ditugu. Ordea, oraindik botak ditugu armairuaren aurrealdean. Ezin agur esan, ez baitago jakiterik.

Horrelakoa da maiatza, gauza txikietan goxatzeko hila, eta ezin dugu galdu horretarako beta. Beharbada, felizidade extra duen razioa izan da hau, baina sarritan pentsatzen dut zein gutxitan begiratzen dugun gorantz. Eta zein gutxitan geratzen garen pentsatzen esentzian eta (ez)gauza xaloetan. Eta, aizu. Denbora ez da luzea.