Aske

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ibarguren 2021ko urr. 27a, 07:01

Ostadarraren koloreak dituen poltsa bat eramateagatik mehatxatu zuten neskatoa, mugikorrean kolore horiekin osatutako bandera bat zeraman berri bat irakurtzeagatik autobusean irainak entzun behar izan zituena, taberna batean lanean ari zela lesbiana ote zen galdetu zioten zerbitzaria, jendaurrean elkarri musu emategatik eraso zuten bikotea, transexuala izateagatik ukabilkadak jaso zituen gaztea edo “marika” oihukatuz hiltzeraino jipoitu zuten mutila.

LGTBI kolektiboak gaurdaino sufritu dituen eraso batzuen adibideak dira, baina azkenaldian eraso homofobo eta transfoboei buruzko albisteak gero eta ugariagoak dira. Eta kontuan hartzekoak dira salatzen ez diren kasu guztiak ere. Gorroto istiluen txostenaren arabera, biktimen sexu orientazioari lotutako gorroto delituak hirukoiztu egin dira Euskadin azken urtean. Aski da. Erasotzaileei mezu bat: utzi bakoitzari lasai bizitzen, aske izaten. Ez al duzue beste kezkarik buruan? Zuek zarete aske bizi ez direnak. Pentsatu bi aldiz, horretarako gaitasuna baduzue, behintzat.