Denbora

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ibarguren 2021ko mar. 19a, 07:05

Ez dakit igarotako denborak nora bidaiatzen duen, ezta etorkizunak guretzat nolako planak dituen ere. Baina batzuetan gustatzen zait atzera begiratu eta herriko leku desberdinetan gertuko pertsonekin bizitako uneak gogoratzea. Orain haurrak jolasean dabiltzan toki batzuetan neure burua imajina dezaket duela zenbait urte leku berean lagunekin barre eta algara artean. Beste batzuetan, aldiz, dagoeneko ez da bertan igarotako orduen lekuko izan zen eraikinik geratzen, Odieta frontoia eta haren atzeko Juanita parkea, kasu. Nostalgiko samarra naizela irudituko zaio zenbaiti, eta baliteke arrazoi pixka bat izatea. Baina zer dimentsio izan dezake orduan gure aitona-amonen nostalgiak?

Gaur egun eta martxoan sartu garela gogoratuz, beste gauza batzuen falta sumatzen dugu. Duela urtebete, hain justu ere, pentsatu ere ezingo genituzkeen gauzak. Urtebete da dagoeneko hainbat plan egiteari utzi geniola etorkizunak hala nahi izan zuelako, baina etorriko den denborak itzuliko dizkigu pixka bat zoriontsuagoak izateko beharrezkoak diren zenbait osagai. Alferrikakoa da aurkakoa pentsatzea.