Erronka berriak

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ibarguren 2019ko urt. 1a, 18:41

Nork ez dizkio urte berriarekin batera erronka berriak proposatu bere buruari?

Gabonen ondoren kirola maizago egitea edo ikasketetan gehiago saiatzea, esaterako, erronka ohikoak izaten dira, eta urte hasieran oso bideragarriak ikusten ditugunak, gainera. Aurretiaz “Urte berria, bizimodu berria” izeneko zerrendan zeuden zereginak betetzeko buru-belarri jardungo genuela zin egin genion geure buruari, eta urtea igarotakoan, konturatzen gara gauzak ez direla hainbeste aldatu. “Aurten ere ez dut…” hitzekin hasten den esaldi horrek bukaera amaigabeak ditu zenbaitentzat. Beste batzuek ordea, guztiz aurkakoa pentsatuko dute, eta saiatuz, lehentxeago aipatutako zerrendan ilusioz eta gogo biziz iltzaturiko betebeharrak behar bezala beteko dituzte. Bakoitzak ahal duen doinu eta neurrian abesten dio bizitzari.

Baina badira, halaber, erronkak kapritxo hutsagatik baino, egunero bizirauteko ezartzen dituzten pertsonak ere. Edozein motatako indarkeriaren eta menpekotasun egoeraren aurrean irmoki erantzutea egokitu zaienak. Urte berria iritsi dela ere, agian, konturatu ez direnak… erronkei aurre egiten egun bakoitzeko, gutxienez, urte bat baino gehiago igaro dela iruditzen zaielako.