San Telmo Martxa, nondik dator?

Erabiltzailearen aurpegia San Pedro Abesbatza Zumaia 2020ko api. 14a, 16:21

Hainbat aldiz entzuna baina bere jatorria ezezaguna da.

Gutako askorentzat txikitatik entzundako musika pieza bat da San Telmo Martxa. Hainbat oroitzapen ekartzen dizkigu eta bere estiloa serioa izan arren festa giroa sartzen du gure gorputzean.

Baina nork idatzi zuen? San Telmo egun batean lehen aldiz galdetu nuenean egilea ezezaguna zela esan zidaten. Baina hori ez zen izan harrigarriena, guk San Telmo Martxa bezala ezagutzen genuena berez “Marcha a la Virgen de Lidón” omen da, hala diote Zumaiako Musika Bandan aspaldi aritutakoek.

Badakit gaur egungo artxiboan bilaka ibili direla, baina ez dirudi ezer agertu denik. Ulertzekoa da, garai batean partitura guztiak eskuz egin behar ziren. Bandakoen kasuan musika tresna bakoitzarentzat “partitxela” bat eta prozesioan jotzen zenez ba tamaina txikian musika tresna bakoitzean jartzeko modukoa. Gaur egun, ordenagailuei esker, lan hau asko erraztu da eta zuzendariak ere partitura osoak izaten ditu. Garai hartan, ordea, askotan “gidoia” deitzen dena zuten, musika tresna guztiak bi edo hiru pentagrametan. Guzti hau gutxi ez balitz, papera euriarekin busti egiten da eta kopia berriak egin behar dira. Ondorioztatu dezakegu gaur egun erabiltzen dituzten paperak ez direla garai batekoak. Nik ikusi ditut “Marcha de Procesión” jartzen dutenak, baina hauetan ere ez zegoen egilearen arrastorik.

“Marcha a la Virgen de Lidón” izenburua hartuta bi aukera daude. Bata, “Lidón” egilearen abizena izatea, “Marcha Funebre de Chopin” esaten dugun moduan. Eta bada José Lidon izeneko organista eta musikagile bat baina ezinezkoa da bera izatea martxaren egilea. XVIII. eta XIX. mendeen artean bizi izan zen eta bere musika estiloa ez dator bat San Telmo martxarekin.

Hipotesi hau guztiz baztertu gabe, Internet bidez jakin nuen “Virgen de Lidón” edo “Mare de Deu de Lledo” Castellongo Ama Birjina omen dela eta maiatzeko lehen asteburuan ospatzen dutela bere festa, prozesio eta guzti. Dirudienez, gaur egun prozesio honek ez du banda baten akonpainamendurik, musika herrikoia izaten du. Horrek ez du esan nahi beste garai batean izan ez zuenik eta baliteke martxa hau horretarako idatzia izana.

Izenburu bererarekin Vicente Portolés musikagileak egindako obra bat bazegoela aurkitu nuen. Zoritxarrez, hasiera batean tronboiko partitxela batekin eta azken egunetan partitura osoaren lehen orrialdearekin ziurtatu dut ez dela gure San Telmo Martxa. Egia esan, ez zen aukera txarra, XX. mendeko musikoa, Castellongoa eta musika banda zuzendaria. Horrez gain hainbat pasodobleen eta boleroen egilea izan zen. Gutxienez honekin badakigu garai batean prozesio hartan musika bandaren laguntza izaten zutela eta ziurrenik gure martxan bertan interpretatzeko idatzia izango zela.

Musikara joanda ezin da informazio gehiegi atera. Estiloagatik XIX-XX. mendeko martxa bat dela esango nuke eta egitura aldetik garai hartako elementu asko ditu:

  • Sarrera: Unisonoan hasieran, kajaren erredoblearen gainean, eta gero ahotsak zabalduz. Kontutan hartu behar da hau ez dela kontzertuko pieza bat, prozesioko martxa baizik. Behin da berriz jarraian jo daiteke.
  • Lehen zatia: Hemen dugu lehen doinua, estilo dotore batean idatzia. Banda estilokoa dela esan dezakegu, baina baditu giro pare bat harmonia sinpleenetik ateratzen dutenak. Hala ere, giro horiek ohikoak dira erromantizismoko musikan. Doinua bi aldiz errepikatzen da amaiera aldatuz.
  • Fuerte de Bajos: Ohikoa da obra hauetan estilo honetako zati bat egotea. Bertan bandako musika tresna grabeenek (tronboiak, tubak) doinua ematen dute beste musika tresnek modu errepikakor batean (ostinato izena jasotzen du) laguntzen duten bitartean. Hemen ere doinua bi aldiz agertzen zaigu.
  • Lehen zatiaren errepikapena: Lotura bezala erabiltzen den akorde baten ondoren berriro entzuten dugu lehen doinua. Hala ere kasu honetan ez da errepikatzen eta horren ordez beste zati berri bat dugu, hurrengo zatiarekin lotzeko balio dezakeena eta baita obraren amaiera izateko ere, coda moduan.
  • Trioa: Martxa askok dute horrelako zati bat. Berez dantza mundutik dator, “Minueto” dantzen erdian zati bat jartzen zen, beste instrumentazio batekin (hasieran hiru musika tresnekin, hortik dator izena), zerbait ezberdina uztartzeko asmoarekin. Hemen ere hala gertatzen da, tonalitate eta estilo aldaketa dago, seriotasuna gutxituz eta dantzagarriagoa bihurtuz.

Hala ere partitura eskutan hartuta zenbait doinu edo akonpainamendu nahiko pianistikoak direla esan genezake, Trioaren akonpainamendua adibidez. Egia da garai hartan musika bandako zuzendariak udalaren funtzionarioak izaten zirela eta beste lan batzuk betetzen zituztela. Honen adibide Zumaian Luis Urteaga musikagilea aldi berean parrokiako organista, parrokiako koruko zuzendaria, Udal Musika Bandako zuzendaria eta herriko musika irakaslea izan zen. Bere kasuan formazioa organo aldetik zetorren eta banda inguruko ezagutza askoz ere txikiagoa izango zuen. Agian horrelako zerbait gertatzen zen San Telmo Martxaren egilearekin.

Beste kontu bat da nola iritsi zen partitura Zumaiara, ez baita obra ezaguna. Gustatuko litzaidake honekin jarraitzea eta eskertuko nuke honen inguruan informazioa. Egun hauetan egiten ari garen garbiketei esker gordetako partitura zaharrak agertu daitezke…