Prekarietatea eta abandonua

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako San Juan Egoitzako ELAko delegatuak 2021ko abe. 31a, 16:03

Zumaiako egoitzako langileon eta bertan bizi diren egoiliarren errealitateak benetan kezkatzen gaitu. Pandemia aurretik gure lan baldintzak prekarioak ziren eta pandemiaz geroztik gero eta egoera larriagoa dago egoitzetan. Baina badirudi Gipuzkoako Foru Aldundiari ez zaiola gehiegi axola. Gipuzkoan, sektore honetan, dagoeneko 254 greba egun eginak ditugu langileok. 2016tik lan baldintzak hobetu gabe ditugu eta egoitzetako ratioak hobetu gabe daude 2007tik.

Horixe da Zumaiako langileok bizi dugun egoeraren abiapuntua: prekarietatea eta abandonua. Erresidentzietan gaur egun dagoen eredua errotik aldatu beharra dago. Izan ere, Gipuzkoako adinekoen egoitzen %51ak irabazi asmoa duten enpresak dira (gehienak multinazionalak, gurea barne), %27 a erresidentzia publikoak dira eta gainontzeko %22ak fundazio edo patronatuak dira (lukrorik gabeak). Sistema honen guztiaren atzean negozio itzela dago, enpresa pribatuen interesak lehenesten dira pertsonen ongizatearen gainetik, eta hori onartezina da.

Gure egoitza ere sistema horren parte da. Lehen Eulen sociosanitarios enpresak kudeatzen zuen egoitza eta 2019ko urrian, gure egoitzaren kudeaketa Zaintzen enpresak hartu zuen. Enpresa batetik bestera subrogatu gintuzten eta gauzak oso okerrera egin dute:

Murrizketak egon dira mantentze lanetan (horrek eraikinean aberiak eta zuloak areagotu ditu), garbitasuneko langile gutxiago daude, elikagaien kalitatea ere asko murriztu da, erizainak eta psikologoak ez dira ordezkatzen eta sukaldeko langileen lan karga areagotu da bertako garbiketak egiten zituen enpresa kendu dutelako. Horri guztiari gehitu behar zaio ez digutela behar bezala ordaintzen, akatsak daude uneoro nominatan. Behin eta berriz ari gara errefortzuak eta pertsonal falta salatzen, eta ez digute kasurik egiten edo ekonomikoki bideragarria ez dela esaten digute. Nazkatuta gaude beti berdina entzuteaz.

Halaber, gero eta lan karga gehiago ditugu, eta zama fisiko eta emozionala hirukoiztearen ondorioz, lankide gero eta gehiagok hartzen dute baja ezin dutelako gehiago.

Gure egoiliarrei dagokionez, pandemiak eta zerbitzuaren kudeaketak izan dituen aldaketak guztiz eragin die. Langileok sektorizatuta egiten dugu lan pandemiaz geroztik (bakoitza bere solairuan) eta egoiliarrak ere hala daude. Duela gutxi arte euren gelatan egiten zuten bizitza eta orain, gutxienez, solairu bakoitzeko geletara doaz jatera.

Bertako langileok ahal dugun guztia egiten dugu euren ongizatea bermatzeko, gu gara eurekin egunero gaudenak eta asko sufritzen dugu eurak horrela ikusteaz. Baina lan kargek eta egun ditugun lan baldintzek ez digute permititzen gure egoiliarrak behar bezala artatzen. Eurekin denbora gehiago pasa nahiko genuke, beraiei entzun, barre algara gehiago egin, abestu, zaindu...baina ezinezkoa da. Sistema honek ez ditu erabiltzaileak inolaz ere kontutan hartzen.

San Juan Egoitzako langileak beti izan gara emakume borrokalariak eta horretan jarraituko dugu. Azken urte hauetan ate asko jo ditugu: Kabia Organismo autonomora jo dugu salaketak sartuz, enpresarekin hainbat bilera egin ditugu, salaketa publikoak egin ditugu, elkarretaratzeak, grebak, Zumaiako Udal Gobernuko ordezkariekin ere bilduta egon gara... eta ez dugu amore emango. Argi daukagu egoitzetako egoera hobetzeko modu bakarra kalera irtetea dela.

Asel Luizarraga idazleak zioen modura, “uste asko atzean uztean baino ez dira uztarik emankorrenak hazten. Eta bada garaia”. Uzta garaia da Gipuzkoako Erresidentzietan; etorriko da, lortuko dugu.

Mila esker prozesu guzti honetan bidelagun zareten Zumaiako herritar, eragile sozial, talde feminista, pentsionistei eta gazteei.