Eta orain zer?

Erabiltzailearen aurpegia Ruth Salaberria Udabe 2022ko mar. 22a, 05:03

Beste txanda gogor baten ondoren etxera iritsi eta gogoeta egin dut. Dagoeneko bi urte pasatu dira birus hau gure bizitzan agertu zenetik, gure mundua guztiz hankaz gora jarri eta inoiz pentsatu ez genuen egoera surrealistak bizitzen hasi ginenetik.

Bi urte gure sistema ekonomiko eta sozialean aldaketak gertatu direnetik, kili-kolo zegoen osasun sistemari izugarrizko danbatekoa eman eta egoera tamalgarri batean utzi duenetik. Milaka pertsonak beraien bizitza galdu eta beste hainbestek ondorioak dituztenetik. Ehundaka bizitza salbatu dituen bakuna kontrobertitua azaldu eta zientzialariak gizartearen ikuspuntuan jarri ditugunetik. Bi urteren ondoren, eta gizarteko biztanle gehienok birus honen ondorio zuzenak edo zeharkakoak pairatu ondoren, tunel luze eta ilun honen bukaeran ote gauden galdetzen dut, argia ikusten hasiko al gara? Eta berriz gogoeta: zerbait ikasi al dugu denbora honetan?

Lehenengo, konfinamendu gogor hartan pertsona hobeak aterako ginela uste genuen, guztiz indartutako gizarte eraikitzaile bat. Baina behin kalera irten ginenean, berriz gizarte indibidualista izaten jarraitu genuen, norberak bere interesak defendatzen zituen bitartean ospitaleak betetzen hasi ziren, lehenengo olatua, bigarrena, hirugarrena eta horrela jarraian seigarren olatura iritsi arte. Tartean pazienteak ospitalean, anbulantzian, anbulatorioan, ingresoak, arnasestuak, beldurrak, bakardadea, negarrak, heriotza. Behin eta berriz, txanda bat eta beste bat, egun bat eta beste bat, asteak, hilabeteak eta urteak. Bitartean, politikariak neurriekin asmatu ezinik, inprobisazioa, orain balio duenak bihar ez, erraztu beharrean zailtasunak sortuz eta epaile askok beraien iritzi pertsonalak inposatuz.

Horren ondorioz, herritarrok nahastuta ibili gara, noraezean askotan, gure askatasun nahiak osasun egoerarekin talka eginez, behin eta berriz. Egunero zenbakiak ikusten genituen telebistan, irratian eta paperezko prentsan, kasu berriak, ingresoak eta hildakoak, zenbaki bakoitzaren atzean pertsona, familia eta istorio bat. Hasieran ikusgarriak ziren zenbakiak, kasu eginez, harritu eta segimendua egiten genuen; denborak aurrera joan ahala, gero eta arreta gutxiago, normalizatu arte; eta, azkenean, kasurik egin gabe. Baina zenbaki bakoitzaren atzean jarraitzen dute pertsonek, familiek eta istorioek, olatu bakoitzean birusa lehenengo aldiz harrapatzen duen pertsonarentzat berria da egoera hori, berriz bueltan beldurrak, arnasestuak eta bakardadea. Eta batez ere bakardadea, isolatu beharra, sintomak aurrera, arnasestuak eta beldurrak. Osasun langileak olatuz olatu pazienteei eskua eman eta prozesuan bidelagun izaten saiatu gara, oinazeak kontsolatu eta sufrimendua murrizten, nahiz eta guretzat ere neketsua izan den denboraldi luze hau, lan kargaz betea. Eta orain, sei olaturen ondoren, orain zer?

Gudu baten ostean gertatzen den moduan berreraikitze fase bat behar dugu, bizi dugun sistemari buelta bat eman eta behar diren aldaketa ekonomiko eta sozialak planteatu, birusak sortutako egoera traumatikoen aurrean osasun mentalari garrantzia eman, gazteei etorkizun duina sortu; baina, batez ere, bizitzan zehar denok bezero izango garen osasun sistema publikoa indartu. Behar diren diru sarrerak eta ikerketan inbertituz, eta bertako profesionalei lan kondizio duinak bermatuz. Gizarte moduan elkar gaitezen eta benetan merezi duten gauzengatik borroka gaitezen, batez ere hain preziatua den osasun sistema publiko eta duin baten alde.