Elixir hilgarriak

Erabiltzailearen aurpegia Rafael del Pilar Zufia 2023ko urt. 24a, 06:02

Gizakiaren eraginez larri zaurituta, gure planeta etengabe abisatzen ari zaigu gure biziraupena arrisku bizian dagoela… Hor gabiltzala, “itzulerarik gabeko” muga zeharkatzeko zorian.

Ingurumen triskantzek Lurraren egitura hauskor eta dinamikoa aldatu egin zuten, eta, gainera, neoliberalismo menderatzaile, basati eta atzerakoiak intsektizida eta plagizida toxikoak gehitu zizkion; horrela, heriotza isileko “uholde handi” pozoitsua isuri zen gure planetaren gainera.

Milioika eta milioika lur emankorreko hektarea kutsatu eta industria balitz bezala ustiatu zituzten, “behartu” egin zituzten nekazaritza soberakinak ekoiztera, eta gero zertarako eta egindakoaren heren bat zaborretara botatzeko, merkatuak gainez eginda zeudelako.

Gaur egun, goseak eta desnutrizioak, urtean, 5 urtetik beherako gizakien 3,1 milioi heriotza eragiten dituzte; beste 800 milioi gizaki, berriz, goseak egoten dira munduan.

Drama penagarri hori berena ez balitz bezala, herrialde aberatsek urtean 750 milioi tona janari alferrik galtzen dituzte. Batzuk dieta egiten, argaldu nahian, eta beste batzuk goseak akabatzen…!
- - - -
DDTa 1874an sintetizatu zuten, eta 1942n merkaturatu zuen Suitzako enpresa batek. “Elixir hilgarria” izatearen fama zeukan, eta bazeukan horretarako nahikoa arrazoi: bere eragin kaltegarriak zirela eta, asko alerta jotzen hasi ziren, artseniko pilaketak aurkitu zituztelako larreetan, laborantza lurretan, uretan, basoetan, abeltegietan, etab. Milioika txori hil ziren, baita mota guztietako animalia basatiak ere (datuak Ameriketako Estatu Batuetakoak dira).

Sortu zenetik, DDTak eta haren deribatuek munduan zehar eraman dute beren mezu hilgarria. Eta jende asko hil dute… Gaur egun, 300 intsektizida berri gehiagok, gero eta ahaltsuagok, hainbat lur, ur, flora eta fauna basati pozoitzen jarraitzen dute, eta ez dago gobernu edo estaturik kutsatzaile hilgarri horien ekoizpenari edo erabilerari betoa jarriko dionik. Horrek, hain zuzen ere, “akain neoliberalaren” konplize eta ipurgarbitzaile bihurtzen ditu; horrela, akain hori egunen batean mundua erreko duen gasolina izango da; hain dago botere ekonomikoaren eta politikoaren gose!

Intsektizida arriskutsuenetako bat ENDRINA izenekoa da. Ugaztunontzat DDTa baino 15 aldiz toxikoagoa da; uretarako eta arrainentzat 30 aldiz toxikoagoa… eta ia 300 aldiz toxikoagoa hegaztientzat, beste animalientzat eta intsektu guztientzat!

LINDANO edo gama hexakloroziklohexano izenekoak Euskal Herrian lur eta akuifero ugari pozoitu ditu, eta oraindik berdin jarraitzen dute, kutsadura kendu gabe. DICLOFENOLekin tratatutako ganadua hiltzen denean sarraski hilgarria da saientzat eta basa animalientzat.

Beste kutsatzaile bat: “eskopetarien” berunezko perdigoiak, mendi eta soroetan sakabanatuta. Perdigoi horiek irentsiz gero, hegazti gaixoak hil egiten dira, pozoituta.
- - - -
Pozoiak arma hilgarriak dira, isilik hiltzen dutenak. Jendaila oligarka harrapakari eta dinosauroentzat, nahi dutena egiteko eskuak libre, jateko pastel oso ona da, irabazi garbiak ematen dizkiolako; gizateriarentzat, berriz, beti galtzaile jasankorra izanik, hozkada kriminala da.

Zer konponbide etorkizunerako? Biologikoak eta ez pozoitsuak lurrerako. Horretarako, ezinbestekoa izango da pentsaera errotik aldatzea, ahalegin itzela egitea ingurumenarekin, errespetuz, zainduz eta elkartasun emankorrez.

Ekoizpen, banaketa eta kontsumo ohitura berriak, munduko goseteak desagerraraziko dituztenak.
Gure seme-alabentzat, kultur eta ingurumen hezkuntza, gure planetarako etorkizuneko balioak, itxaropen bideei zabalik. EZEZKO biribila edozein harrapakaritza suizidari.

“Eredu neoliberalak” ez gaitu salbatuko, eta Lurra ere ez du salbatuko. Egia deserosoa da, batzuek onartu ezin dutena. Eredu horrek ito eta hondoratu egingo gaitu ezerezaren amildegian…
- - - -
Zer esango dugu gure elikagaiei buruz? Zenbateko konfiantza daukagu kontsumitzen ditugun merkatuko produktuetan, jakinik guregana iristen direla apainduta gehigarriekin, kontserbagarriekin, koloregaiekin, argizariekin eta abarrekin, eta ezer gutxi dakigula horiek zenbateraino diren onak edo txarrak gure osasunerako?

Ba al dakigu beste herrialde batzuetako produktuak non landu zituzten, lur kutsatuetan laboratu zituzten edo ez?

Ez dago elkarrizketarik; ahotsik gabe uzten gaituzte, kontsumitzailea merkatuko akuri hutsa balitz bezala tratatzen dute, behartu nahi gaituzte txintik esan gabe zerrikeria guztiak irenstera, horietako asko kantzerigenoak, produktu ugaritan baitaude. Osasun Publikoa? Haren isiltasuna eskandalagarria da…

Gaur egun elikagaien hainbat gehigarri baimenduta daude Frantzian eta Espainiako Estatuan, baina produktu kantzerigenoak direnez, komeni da baztertzea hauetakoren bat dauzkatenak:

102-110-120-123-125-127-130-142.

210-211-213-214.

E-250, E-251, E-252, E-311, E-330, E-407, E-450.

E-330 da kantzerigenoena eta arriskutsuena, eta aurkitu ahal izango dugu txarkuterian, haragi eta urdaiazpiko xerra plastifikatuetan, ultraizoztuetan, gaztetan, latetako edarietan, haragi prozesatuetan, txikleetan eta abarretan.

Erosi aurretik, erreparatu etiketari. Beste ezer baino lehen, defenda dezagun gure osasuna.