Taosa Pulpo, Euskadiko txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Pulpo Eskubaloia 2023ko mai. 8a, 19:27

Infantil mailako mutilek Euskadiko Txapelketa irabazi dute, Arabako Corazonistas eta Bizkaiko Barakaldo mendean hartuta. Aita Mari Pulpoko neskek bigarren postua lortu dute.

Uzta bikaina ari dira jasotzen Pulpoko taldeak denboraldiko une erabakigarrira iritsita. Infantil mailako taldeek hitzordu garrantzitsua izan dute asteburuan Zumarragako Ispilla kiroldegian, eta emaitza bikainak lortu dituzte. Taosa Pulpoko mutilek eta  Aita Mari Pulpoko neskek Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuten apirilean, eta horrek aukera eman die Euskadiko Txapelketako jokatzeko, Arabako eta Bizkaiko txapeldunen aurka.

Neskek zein mutilek aise irabazi zituzten larunbatean Arabako ordezkarien aurka jokatutako partidak, eta igandean Bizkaiko taldeen aurka erabaki ziren txapeldunak.

Taosako mutilek jokatu zuten aurrena, Barakaldokoren kontra. Partida lehiatua espero zuten zumaiarrek, Bizkaiko Ligako partida guztiak irabazi baititu aurten Barakaldok, gol asko eginez. Baina zumaiarrek era nagusitasun berbera erakutsi dute Gipuzkoako Ligan, eta norgehiagoka parekatua aurreikus zitekeen. Zorionez, Pulpoko mutilak gai izan ziren bizkaitarren joko erasokorra lehen unetik gelditzen, defentsa bikaina eginez. Barakaldo erasoan ezinean aritu zen eta Pulpo alde politarekin joan zen atsedenaldira (5-12). Bigarren zatian Barakaldok ahaleginak eta bi egin zituen Pulpo estutzeko, baina zumaiarrak ez ziren urduri jarri eta hasitako bidetik amaitu zuten partida, 13-25 irabazita.

Aita Mariko nesken txanda etorri ziren ondoren. Ermuako Errotabarriri aurre egiteko kemena erakutsi zuten uneoro neskek, aurkaria maila handiko taldea den arren. Atsedenaldira 15-7 galtzen iritsi ziren, tarteka jokaldi politak eginez eta defentsan hortzak estutuz. Bigarren zatia luze egin zitzaien, ordea. Errotabarrik hainbat jokalari dauzka Euskadiko selekzioan, eta aldea azkenean nabarmendu egin zen markagailuan. 33-13 galdu arren, dena eman zuten zumaiarrek eta denboraldi bikaina borobildu dute.

Bi asteburu barru, Taosak eta Aita Marik Espainiako Txapelketa jokatuko dute. Denboraldia zoragarria amaitzeko merezitako saria bi taldeentzat.