Sekula baino talde gehiago dauzka Pulpok

Erabiltzailearen aurpegia Pulpo Eskubaloia 2022ko urr. 25a, 13:01

Jokalari, entrenatzaile eta delegatuen artean, 500 fitxen kopurura hurbiltzen da.

Hasi berri da eskubaloi denboraldia, eta horrekin batera, Pulpo Eskubaloi Taldearen jarduna ere bete-betekoa da. Marka kontuekin dotore plazaratu da herriko eskubaloi taldea sasoi honetan: inoiz baino talde gehiago dauzka, eta ondorioz, fitxa kopurua ere sekula baino handiagoa da. Datuak ikusgarriak dira: 26 talde osatu dituzte, alebinetatik seniorretara, neska eta mutil. 374 jokalarik osatzen dituzte talde horiek guztiak, eta entrenatzaileak eta ordezkariak 100en bueltan daude.

Zenbaki horien atzean sekulako lana dago, eta lan horren puntan zuzendaritza dago. Pulpoko Zuzendaritza, Iban Narbaiza presidentearen ahotik, oso pozik da datuekin. "Erakusten dute ilusioa eta gogoa dagoela klubaren inguruan. Osasuntsu dago, jende asko dagoelako laguntzeko prest”. Horren barruan, beste datu eman du: aurten, klubeko 25 kidek atera dute entrenatzaile tituluren bat.

Narbaizaren poza, ordea, ez da erabatekoa. Bi kontuk iluntzen diote kopeta: “Batetik, senior nesken taldea atera ezina dago. Ea jokalari gehiago animatzen diren hurrengoan, taldea berreskuratzeko”. Beste kezka iturria Lubaki kiroldegiko pistaren erabilerak ematen dio: “Lekurik ez daukagu talde horiek guztiek behar bezala lan egiteko, eta Zestoako kiroldegira joaten ari da talde bat, ezinbestean. Arazo bat da pistarena”.

Senior emakumezkoen taldea ez izatearen beste alderdian bada pozteko egoera bat: behera egin du eskubaloia uzten duten nesken kopuruak, eta izen-emateak, aldiz, gora. “Emakumeon* Etxearekin elkarlanean lanketa bat egin dugu, Ainhoa Azurmendiren bitartez, eta emaitzak azaltzen ari dira. Neska entrenatzaileen kopurua ere gorantz doa”. Bide horretan ere eragile da Pulpo Eskubaloi taldea. Azken batean, kirol kluben lana ez da bakarrik lehiara mugatzen. Gizarteko esparru askotan dira eragile, eta generoaren gaia da horietako bat. “Garbi ikusten dugu ekitatea dela bidea”, nabarmendu du Narbaizak. “Herrigintza ere egiten dugu kirolaren bitartez, eta euskaraten aldeko lana ere hor sartu behar da”, gehitu du.

Lan horrek guztiak jende askoren borondatea behar du. Baita dirua ere. Alde horretatik, deia luzatu du Narbaizak: “Babesleak falta zaizkigu, eta laguntzeko interesa duena etor dadila lasai asko gugana”.