Harrobi oparo amaigabea

Erabiltzailearen aurpegia Pulpo Eskubaloia 2022ko api. 8a, 08:33

Pulpo Eskubaloi Taldeko bost jokalari gaztek Euskal Selekzioarekin jokatuko dute Espainiako Autonomien arteko Txapelketa, Murtzian, apirilaren 9tik 14ra.

Harrobitik harriak atera eta atera ari dira entrenatzaileak eta Pulpo Eskubaloi Taldeko kideak, oro har. Lanak ez du etenik. Ezinbestean behar du izan zeregin horrek ona, maila handiko jokalarien jarioak ez duelako etenik Zumaian. Oraingoan, bost jokalari gazte dira albiste. Izan ere, Euskal Selekzioarekin jokatzeko aukeratu dituzte Espainiako Autonomien arteko Txapelketan. Apirilaren 9tik 14ra izango da, Murtzian.

Andrea Saez Saez, Lide Arrizabalaga Albizu, Joanes Arrizabalaga Albizu, Jon Ander Iribar Carceleller eta Unax Santamria Garate dira bost jokalari horiek. Azkeneko biak jubenilak dira, eta bigarren aldiz biziko dute esperientzia hori. Besteentzat, debuta izango da. “Adrenalina oso goian daukat”, esan du Andrea atezainak, kadete mailakoak. “Ez nuen sinesten honaino helduko nintzenik”, atera zaio Lide infantil mailako jokalariari. “Infantiletan azkeneko unean geratu nintzen selekziotik kanpo, eta orain, kadeteetan, arantza hori atera ahal izan dut”, aldarrikatu du Joanesek.

Eskarmentua du Iribarrek, eta berriei azaldu die zer den horrelako txapelketa: “Gogorra da hasieran, zazpi egunetan partida asko jokatzen direlako, baina gogo handiarekin bizitzen dira, lagunekin jokatzen duzulako. Azkenean, hiru hilabetez aritu gara elkarrekin entrenatzen, eta denok batera lehiatzea gauza ederra da”. Santamariak atzean dagoen lana ekarri du gogora: “Harrotasuna da selekzioan sartzea. Egindako lan guztiari saria ematea da azkenean”.

Lan horren guztiaren lehendabiziko saria zein den azaldu du atezainak. Bigarrengoa tituluarekin Zumaiara eta Euskal Herrira itzultzea litzateke. Zaila bezain ederra da erronka. Horrela azaldu dute, behintzat, gazteek. Andreari izan ezik, beste laurei selekzio bat eta bakarraren izena atera zaie ahotik, aurkari indartsuenaz galdetu berritan:  Katalunia. “Gure kasuan, Nafarroa da indartsuena”, esan du kadete mailako atezainak.

Egingo dute bostek txapelketa honetako bidea ere. Beste bat gehiago umetan hasi zuten errepide zabalean. Denak harrapatu zituen eskubaloiak kirol hori probatu orduko, eta ez daukate bidaia zirraragarri honi akabera emateko inoako asmorik. Haiek dira gidariak, baina izan dituzte aurretik beste gidari batzuk haiei begiratzeko. Idoloak edo ereduak. Kanpora begiratu du Andreak: “Silvia Navarro nekaezina da nirea” [43 urte dauzka, eta ama da]. Norvegiara joan da Lide: “Nora Mork gustatzen zait gehien”. Etxean geratu dira hiru mutilak: Kauldi [Odrizola, Bidasoako jokalaria] eta Torriko [Ander, Anaitasunakoa] aipatu dituzte Joanesek eta Jon Anderrek. “Anaia ere bai”, gogoratu da Iribar [Asier, Bidasoa Bn ari da, eta lehen taldean ere bai tarteka]. Taldekide baten izena eman du Santamariak: “Eneko Tena. Eskola kirolean hari esker gustatu zitzaidan eskubaloia, eta haren partidak ikustera etortzen nintzen. Orain, elkarreki jokatzen dugu. Dudarik gabe, Eneko da nire idoloa”.

Boskote hau ere izango da txikiago batzuen idolo multzoa. Edo bada, dagoeneko. Pulporen harrobiko lan oparoak ez duelako amaierarik. Sortuko dira berriak. Ari dira sortzen berriak. Izan zirelako dira, eta direlako izango dira.