Ama-alabak, taldekide eta historia eginez

Erabiltzailearen aurpegia Pulpo Eskubaloia 2021ko mar. 8a, 12:04
Montse Atxega eta Jone Aguado ama-alabak dira, eta Pulporen senior emakumezkoen taldean elkarrekin jokatu zuten igandean. Gipuzkoako eskubaloiaren historian lehen aldia da gertatzen dena.

Ama-alabak jokoan daude. Horrela dio euskal kanta ezagunak. Horrelaxe izan zen igandean, Ordizian, eta historia honetako bi protagonistak Pulpo Eskubaloi Taldeko bi jokalari dira: Montse Atxega eta Jone Aguado. Beste modu batera esanda: ama eta alaba. Juanjo Larrañaga Pulpo senior emakumezkoen taldean ari dira biak, eta aurrenekoz partida ofizial batean igandean aritu ziren. Ordizian izan zen, eta 18-28 irabazi zuten ama-alabek eta gainerako taldekideek.

Montse atezaina da, eta Jone erdikoa. Baina Montse atezaina ere bazen. Izan ere, duela 23 urte utzi zion eskubaloian jokatzeari. Denbora tarte luze horren ondoren, atepean da berriz. Berak azaldu du zergatik:

"Larri dabiltza taldean atezainekin lesioak daudelako, eta nire burua eskaini nion Alan Urbieta entrenatzaileari hauek prestatzeko, berriak bait ziren. Hark baietz, sartzeko taldean. Laguntzeko nago ni, beste bi atezainak ez daudenerako, adibidez”. Igandean, esaterako, atezain bakarra zeukan taldeak, eta Montsek bete zuen haren lekua. “Ez nuen sekula pentsatu bueltatuko nintzela jokatzera”, esan du.

Hogei bat minutuz aritu zen: “Gustura jokatu nuen”, esan du. Ez zitzaion erabat arrotza egin. Izan ere, denboraldi-aurrean ere jokatu zituen hiru partida: “Nahiko txukun moldatu nintzen”, azaldu du.
Alabarekin jokatzea zer ote da? “Ilusio handia egiten dit”, esan du atezain beteranoak (46 urte beteko ditu aurten). Eta alabarentzat zer da amarekin jokatzea? “Ama atzean dudala sentitzen dut, atezaina delako. Eroso nabil amarekin jokatzen, baina txarrena da ez dakidala nola deitu: ama edo Montse”, kontatu du Jonek.

Historia  polit honetan aitak ere badu lekua. Taldeko bigarren entrenatzailea baita Juankar Aguado. Kasu honetan, aita ez dago tabernan, euskal abestiak dioen bezala. Aita ere pistan dago, ama-alabekin jokoan.