Badator Euskaraldia

Erabiltzailearen aurpegia Peru Tolosa 2022ko uzt. 22a, 08:03

Hirugarren Euskaraldia izango da aurtengoa, azaroaren 18tik abenduaren 2a bitartean iraungo duena. 2018an izandako harrera onaren ondoren, bigarren Euskaraldia, 2020. urtekoa, pandemia egoerak baldintzatu zuen zeharo. Zaila izan zen harreman sozialik gabeko gizartean ariketa sozial bat egitea; hala ere, aurrera egin genuen. Hirugarren edizio hau, berriz, hasierako urte hartan lortutako girora itzultzeko eta euskara "erdigunean" jartzeko urtea izango da, Korrikaren martxa hartu eta lekukoa hartzekoa.

Azkenaldian asko erabiltzen da euskara –edo beste zerbait– “erdigunean” jartzearen ideia; kasu eta egoera batzuetan, gainera, ez da garbi ulertzen horrekin zer esan nahi den. Egunerokotasunean ikusten ditugun medio eta iragarkietan agertzea, ikusgarritasuna ematea, iruditeria handi bat izan edota eslogan politak erabilita aldarrikapen bat egitea. Hori estrategia da, kanpaina, publizitatea edo marketina.

Euskaraldian dinamikaren eta txaparen funtzioa euskarari ikusgarritasuna ematea da, noski, baina ariketa edo jolas modura proposatutako bi rolak (Ahobizi eta Belarriprest) identifikatzeko eta ariketa baten bidez hizkuntza ohiturak aldatzeko. Ahobizi rola aukeratzen duenak, jakin behar du lehen hitza euskaraz egingo duela eta ahal den bitartean elkarrizketak euskaraz egiteko konpromisoa hartzen duela. Eta Belarriprest rola aukeratzen duenak, berriz, harremanak euskaraz egiteko prest egotea adierazten duela, eta ahal duen heinean elkarrizketak euskaraz egiten saiatuko dela.

Gure eguneroko bizitzan euskara txertatzea, erabilera sustatzea, egoera eta harreman ezberdinen aurrean euskara erabiltzea eta horretarako moldatzea. Elkarrizketa lehen hitza beti euskaraz egitea eta elkarrizketa euskaraz egitera bideratzea da bilatzen dena.

Ez da hain garrantzitsua zenbat jendek emango duen izena edo zenbat txapa banatuko diren, berdin da hamabost egunez Euskaraldia euskararen aldarrikapenen erakusleiho bihurtzea ere. Dinamika ongi betetzea da ariketa honen helburu nagusia, eta hamabost egun horietan hizkuntza ohiturak aldatzea gizartearen gune guztietan.