Esteban Etxaniz kapitaina, kortsario zumaiarra (3)

Gerra-kontseilua eta diru arazoak

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2020ko abu. 28a, 11:00
Cadizko badia. Puntu gorriaren parajean izan zen istripua.

Hauxe duzue Esteban Etxanizen bizitzaren kontakizuneko hirugarren eta azken atala.

Gertakariaren egun hartan, Cadizeko badiaren sarreran haizea lasai, itsasoa bare eta eguna atsegina omen zegoenez, maleziaz edo kapitainaren eta pilotuen arduragabekeri handiaren erruz behar zuen izan tamaina hartako hondamen eta galerak.

Fermin Maritxalar fiskalak heriotza-zigorra eskatu zuen Esteban Etxanizentzako eta honen prokuradore zen Pedro Toro Floresek, absoluzioa.

1648ko udaran zehar egin zen Gerra-kontseilua, eta Etxanizen prokuradoreak, bere defendatuaren hainbat buruzagi eta kide izandakoen sostengu-idatzi ugari aurkeztu zituen. Non adierazten diren Etxaniz kapitainak, 1625. urteaz geroztik egindako zerbitzuak, lehenengo Iparraldeko eskuadran eta gero Ozeano itsasokoan, bere hiru ontzi ere erabili zituelarik eta etsaien 48 ontzi atzeman, beti ausardi eta kemen handiz borrokatuz erregearen zerbitzura.

1648ko irailaren 12an, Bartolome Maquedo lizentziatua, Gerra-kontseiluetako eta Ogasuneko kidea, eta Santiago ordenako Zaldunak, Madrilen sinatutako dokumentuan adierazten du Esteban Etxaniz absolbitua izan zela.

Baina, diru aldetik egoera zailean zegoen nonbait, Esteban. 1648ko ekainaren 9, Gerra kontseiluaren aurretik, Medinaceliko dukeak erregeari bidali zion idazki batean honela zioen: „El capitán Esteban Echaniz tiene muy honrados papeles de servicios y es de los soldados de mayor crédito (..) Hállome obligado a suplicar a V. Majestad se sirva mandarle despachar y que en sus causas se atienda el valor con que ha procedido y a la pobreza con que se halla, pues no siendo ladrón ni gallina, los demás pecados en su profesión se pueden disimular ..”

Guerra-kontseiluaren ondoren hileko 25 eskuduko pentsio bat jarri zioten bere mantenurako eta zahartzarorako, irabazten zuen soldataren erdia, ezindua eta zahartuta aurkitzen zelako. Esteban kexu agertu zen eskaintza horren aurrean.

1650an, ikusten denez, Zumaiara etorria zen eta diru eskasia konpondu nahian ibili zen. Horren adierazgarri, Pascuala Etxabe Askaeta, Frantzisko Urzuriagaren alargunari erreklamatu zizkion zilar bikoitzezko 150 errealak, bere senar ohiak ordaintzeko utzi zizkionak [1].

Baita ere, Esteban eta bere emazte Katalina Arriolak notario-ahalorde bat eman zioten Madrilen bizi zen Juan Olazabal, erregearen idazkari zumaiarrari. Katalina, osaba Manuel Arriola, Torreberriaren jabearen oinordeko unibertsala zenez, honek hil zenean Aragoiko presondegietako ikuskatzaile bezala kobratzeko utzi zituen 11.633 erreal, erregearen ogasunari erreklamatzeko [2].

Gainera, beste ahalorde bitxi bat eman zion Etxaniz kapitainak, Cadizen bizi zen Ozeano Itsasoko Armadako kontularitza nagusiko ofiziala zen Domingo Ezeolazari. Gerra kontseiluak iraun zuen bitartean erregeak esleitu zion soldata kobratzeko eta 1648an Puerto Real eta Cadizko bi pertsonei utzitako tresna batzuen salmentaren dirua eskuratzeko [3].

Hala ere, 1650eko urte hartan beste gai batzuekin ere ibili zen. Abenduaren 27an, urtero bezala, Zumaiako Udal kontseiluaren bilera egin zen hurrengo urterako alkatea aukeratzeko. Baina, ez zen egin, ohi bezala, elizako zimitarioan, Juan Olazabalek, eraiki berria zuen jauregian baizik, eta bertan, Zinpeko Erregidore eta Sindiko Prokuradore nagusi aukeratua izzuten Esteban Etxaniz kapitaina [4].

Gero, pentsatzen dugu Zumaian jarraituko zuela bizitzen urte batzutan, zeren eta 1657ko urriaren 25ean Azkoitiko Juan Lopez de Eztala eskribauaren aurrean, lekuko bezala agertzen da, Barbara Ubilla, Juan Olazabal idazkariaren alargunaren eta arreba Klara Olazabalen artean, idazkariaren ondasunen inguruan sortu zen auzia medio [5].

Heriotza

Azkenengo urte hori ezkeroztik ez dugu Esteban Etxaniz kapitainaren berri gehiago, 1665eko ekainean, Madrilen, bertako bizilaguna zen Juan Gorostidirengana ostatu bila joan zen arte. Hau, Plazuela de la Leñan (gaur egungo Calle de la Bolsa) zegoen Gabriel Enriquez Galarzaren etxean bizi zen, eta bere gelan hartu zuen Esteban.

Juan Azarola, Madrilgo eskribauaren 1666ko otsailaren 10ko ziurtagiri batean adierazten da, egun horretan, Gipuzkoa probintziako Zumaia herriko biztanle zen Esteban Etxaniz kapitaina berez hil zela. Gainera dio, Santa Cruz parrokian, bizilekutik gertu, hilobiratua izan zela, eskribau bera bertan zegoela.

Hiru hilabete geroago, maiatzaren 27an, eskribau beraren aurrean, lehen aipatutako Juan Gorostidik adierazi zuen, Estebanek bere etxera joan zenean gordetzeko eman ziola tolestatuta eta josita, ondasunen zerrenda bat, muturretan zuloekin, zinta bat jarrita sekretuan gordetzeko. Barnean, aurkitu ziren zortziko 6 dobloi, lauko 4 eta 12 dobloi bakun, guztira bi eskuduko 44 dobloi.

Manuel Mercado, Madrileko Santa Cruz parroki-elizako apaizak emandako ziurtagiri adierazten du, zenduen liburuko, 96. orrian, Esteban Etxaniz kapitaina, Katalina Arriolaren senarra, Gipuzkoako probintziko Zumaiako auzotarrak, 1666ko urtarrilaren 20an Juan Azarola, Madrileko eskribauaren aurrean egin zuela testamentua, eta bertan agindu zuela eliza hartan lurperatzea eta haren arimaren alde 100 meza ematea, eta Juan Gorostidi eta Martin Elejalde, Alcantara Ordenako Zalduna, testamentu-betearazle izendatzea.

Katalina Arriola, Estebanen alarguna, 1678an, Zumaiako mojaxarren komentuan sartu zen eta han igaro zituen bere bizitzako azkenengo urteak, 1683an hil zen arte, 85 urte zituela.

Oharrak

 1. AHPG-GPAH 3-1856,A110r-112v 
2. AHPG-GPAH 3-1856,A270r-273v 
3. AHPG-GPAH 3-1856,A360r-A360v 
4. ZUA 67/2, 230R-233R 
5. AHN. Consejos,23791,Exp.1