Esteban Etxaniz kapitaina, kortsario zumaiarra (2)

Iparraldeko eskuadratik Ozeano eta Mediterraneo itsasoetara

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2020ko abu. 27a, 12:00
Ontzi honen antzekoa izango zen 'San Salvador' galeoia.

Hemen irakur dezakezue Esteban Etxaniz kapitain eta kortsario zumaiarraren bizitzari buruzko kontakizunaren bigarren atala.

Alonso Idiakezek, Azkoitiko Idiakez familikoa, kortsarioen Iparraldeko Eskuadra eratu zuen, partikularren artean eta errege maileguen laguntzarekin. Bera izendatu zuten Eskuadraren superindentea. Haseran, Gipuzkoara mugatu zuen jarduera, baina gero Frantziako kostara ere joaten ziren. Esteban Etxaniz bertan sartu zen eta dirudienez hiru ontzi erabili zituen.

Horietako bat, “Nuestra Señora de Arridoquieta” izenekoa. 1633ko apirilaren, Felipe IV.ak, ontzi hortako gobernadore izendatu zuen Etxaniz kapitaina. Ontzia, 180 tonakoa zen eta behar bezala armatua eta hornitua izan zen. Ekainaren 12an, izendapen horren eta Errege zedularen kontu hartzea egin zen Pasaiako portuan, Migel Nekolalde, Gipuzkoako ikuskatzaile edo begiralearen aldetik.

Baina, urte gutxira, Ozeano itsasorako (Atlantikorako) jauzia eman zuen gure Estebanek. Lisboa aldean zegoen, Margarita Printzesa, Felipe IV.ren lehengusina eta Portugalgo Erreginordearen aginduetara (Portugal, Espainiarena zen orduan).

Argelen eta Tetuanen preso

1636ko ekainaren 18an nabigatzera irten zen, Infanteriako eta itsasoko jendearen kabo izendatuta, bi ontzirekin, Nuestra Señora de Loreto eta San Buenaventura izeneko saetia motakoak. Mediterraneo aldeko Frantziako kosta ikuskatzera joan behar zuen. Etxaniz kapitaina zihoan ontziak hiru ontzi turkiarrekin topo egin zuen, eta gogor borrokatu arren, bere 30 gizonetatik 5 hil eta 18 zaurituak izan ziren eta ontzia hondorarazi ondoren, turkiarrek hura atxilotu zuten zazpi zauri zituela eta Argelera eraman zuten, abuztuaren lehenengo egunetan.

Argeldik Berberia erreinuko Tetuanera eraman zuten eta hango presondegian egon zen, 1639ko martxoaren 11ean Gaztela probintziako “Oinetakodun berrerosleen Hirutasun Santuaren Orden”-eko erlijiosoek (Orden de la Santísima Trinidad de Redentores calzados), Erregearen aginduz erreskatatu zuten arte. Erlijioso haiek ziurtatu zuten Esteban Etxaniz, Gipuzkoako probintziako Zumaia hiribildukoa zela, “37 urtekoa, garaiera ertainekoa, aurpegi onekoa eta zauri baten ondorioz eskubiko eskuko erpururik gabea”.

Berriro Lisboara itzuli zen Esteban, 1639ko ekainaren 14an. Frantziar armadaren nondik norakoak zaintzen eta Indietatik zetozen ontziak frantziar meatxutik babesten ibili zen. 1640ko abenduaren haseran, Lisboan zegoela portugaldarren matxinadak harrapatu zuen, baina lortu zuen irtetea.

1641ko maiatzean, egindako zerbitzu onengatik Etxaniz kapitaina saritu zuten hileko 25 eskudurekin. Hil bereko 22an, Donostian zen Esteban, Gipuzkoako Martin Urnietaren ontziolan bukatzen ari ziren bi ontzietako bat Cadizeko portura eramateko. Irailaren 26an atera zen Pasaiako portutik, La Magdalena izena zuen galeoiarekin, Ibilbide goraberatsu baten ondoren, Santander eta A Coruñatik pasa eta gero iritsi zen Cadizera sei bat hilabete geroago.

Galeoi berarekin irten zen 1642ko maiatzean Mediterraneo aldera, eta Bartzelona parean enfrentamendu gogor bat izan zuen Frantziako armadarekin. Ontzia ondoratu zioten eta igerian aldeginda beste batean itzuli zen Cadizera.

Toulongo presondegian gatibu

Hurrengo urtean, San Marcos urka motako ontzi batean atera zen Cadiztik, San Vicente eta Santa Maria lurmuturren ingurura eta handik Mediterraneo itsasora pasatu zen. Gata itsasmuturraren parean zirela, berriro, Frantziako armadarekin aurrez aurre aurkitu ziren 1643ko irailaren 4ean. Halako batean, San Marcos en txopa aldean arerioaren ontzi bat hurbiltzen ari zela ikusirik, Etxaniz kapitaina ontziaren “santabarbara”-ra joan eta txopan zeuden bi kanoiekin tiroka hasi zen. Baina, etsaia ere gogor ari zen su egiten eta naiz eta Esteban oso ausart eta konfidantza handiz aritu zen, esku bat erre eta kopetean ezpal kolpe handi bat hartu zuen.

Azkenean San Marcos ontzia ia urperatu zenean biluzik irten zen kapitaina eta frantziarrek atxilotu eta Frantziako Toulon hiriko presondegira eraman zuten gatibu. Han 38 hilabete egin ondoren, 1646ko azaroaren 10ean, Espainia eta Frantziaren arteko presoen trukaketa orokor batean aske geratu zen.

Azken jardunak

Hilabete geroago, abenduaren 15ean, Etxaniz kapitaina Gipuzkoan zegoen, seguruenik Zumaira etorriko zen, eta Juan Garai, Gipuzkoako kapitain jenerala eta Iparraldeko eskuadraren superintendentearen baimena lortu zuen Madrilera joateko.

1647 urtarrilaren 24ean, Esteban Etxanizek zergin berezi bat egiteko agindua hartu zuen. Francisco Quincoces, erregearen idazkariak, Erregeak eskatuta Colindresko ontziolan egindako, 1113 tonako, “San Salvador” galeoia Cadizera eramatea. Horretarako Itsas eta gerrako kapitain izendatua izan zen Etxaniz kapitaina, erregeak emandako patentearekin. Colindres eta Santoñan prestaketa lanak egin ondoren, azkenengo portu honetan, ekainaren 3an egin ziren ontziaren neurketak eta hurrengo egunen itsasora irten zen Cadizerako norabidean. Segurtasun neurriak zaintzeko esan zioten, Portugalgo kostatik urrunduta joateko, koroaren etsaiak ekiditeko.

Ekainaren 16an, arratsaldeko ordu bietan Cadizko badian sartzerakoan, San Felipe gotorlekuaren ondoko harkaitzak jo zituen “San Salvador” galeoiak. Ondorioz, oso kalte handiak jasan zituen: gila, masta nagusia, trinketeko masta, bergak eta belak hautsirik. Gero ikusiko dugun bezala, oso arazo larriak sortu zizkion gertakari horrek Etxaniz kapitainari.

Handik hilabetera, uztailaren 21ean, Estebanen azken itsas ibilaldiari ekin zion. “El Unicornio” izeneko ontzi holandarrekin, San Miguel de Ultramar eta Oraneko gotorlekuei laguntzera egin zuena. Eraman zuen kargamentua, zortzi kintal bolbora, beste hainbeste soka eta mosketoi, eta arkabuzentzako erdibana ziren beste hainbeste balak osatzen zuten.

Berehala, Cadizeko gertakariarengatik, Juan Aranaz, Ogasun kontseilukoa eta Ozeano itsasoko ikuskatzaile orokorrak prozesu bat zabaldu zuen “San Salvador” galeoiko Esteban Etxaniz kapitainaren, Martín Degana kosta-patroiaren eta Antonio Araujo alturako patroiaren aurka, eta atxilotu eta presondegian sartzeko agindua eman zuen.