Olazabal Idazkaria (eta 3)

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2020ko api. 27a, 10:32

Testamentuak, heriotza eta ondorengo liskarrak.

Juan Olazabalek bi testamentu zituen eginak eta bigarrena izan zen baliozkoa hil zenean. Bertan, argi geratzen da Zumaiako herriarekin zituen loturak, bai ondasunen eta bai familiartekoen aldetik.

Lehenbizikoa, 1633. urteko abenduaren 25ean Miguel Gerónimo eskribauaren aurrean egin zuena, Alcalá la Realen zegoela. Badirudi ondoez larriren bat sentitu zuela azken borondatea idazteko, eta bere anaia zen Juan Olazabal Lizentziatua, aurrenengo atalean aipatua, testamentu-betearazle izendatu zuen. Baina, ez dugu edukiaren berririk[1].

Halere, urte batzuk gehiago biziko zen eta aurrerago aipatuta bezala 60 urte betetzear zegoela, Olazabalek bigarren testamentu bat egin zuen Zumaian, 1650eko uztailaren 23an, Domingo Gainza, Orioko eskribauaren aurrean[2], baina ondorengo urteetan eranskin batzuk egin zizkion. Agian, urte hura izan zen Zumaian egon zen azkenengo aldia.

Azken borondatea adierazterakoan agintzen duen aurrenengo gauza da hiltzen denean, Zumaian aurkituz gero, bere gorpua San Pedro parrokiko bere etxeko hilobian ehorzteko eta Zumaiatik kanpo beste edozein lekutan hilko balitz, bere hezurrak hara eramateko agintzen die testamentu-betearazleei, urte bat edo bien epean. Haiek falta ezkero, Zumaiako bikarioa eta alkatea arduratuko ziren, gastuak Olazabalen haziendaren kontura ordainduta. Nola ez zuen derrigorrezko herederorik, ez ondorengorik eta ez aurrekorik, bere arima egin zuen oinordeko unibertsala[3].

Testamentuan, hainbat diru-esleipen egiten ditu Zumaiako erakundeentzako, parrokiko mantentze lanetarako, lau kofradietako, herriko bi ospitaletako, ermitetako eta bertako serorentzako, eta baita purgatorioko arimentzako mezak emateko ere. Gainera, bera hiltzen zenean herrian egon litezkeen ezkutuko behartsuentzako 50na erreal jartzen ditu. Eta ez zen ahaztu Zestoa eta Arroako parrokiekin ere.

Ondorengo zuzenik ez izatean, diruak eta inbertsioen errentak, Barbara Ubilla emaztearentzat, eta Klara eta Mariana Olazabal aitaren aldeko arrebentzat, eta amaren aldeko Grazia eta Maria Migel Arbe arrebentzat esleitu zituen, besteak beste.  Juanek eginak zituen inbertsioen artean aipatzekoak dira juro edo zor publikoan egindakoak, Elurraren ariela (Arbitrio de la nieve) eta Burgosko ohiko zerbitzuan.

Zumaiako parrokian Kapilautza bat sortzeko agindua ere eman zuen, urteko 150 dukatekin dotatua, kapilauarentzat, urteurrenetako mezak emateko, eta Arroako parrokiarentzako behingo 200 dukat utzi zituen gehi 15 dukat urteko, izeko Ana Joanes Olazabalentzako.

Gainera, zituen ondasunen errentekin dontzeilen ezkontzetarako Betiko Memoria bat fundatzeko agindua eman zuen, lehentasuna emanez aitaren eta amaren aldeko senitartekoei, urtean banari, eta ez baleude, Zumaiako eta Zestoako parrokietan bataiatutako urteko dontzeila banari. Patronazgo edo patronatu bat (maiorazgoa modukoa) ere sortu zuen bere ondasunak eta aipatutako Memoria eta Kapilautza kudeatzeko. 

Barbara emaztea izendatu zuen lehenengo patroi edo patronatuko arduradun, eta ordezkoak Klara Olazabal, Grazia Arbe, Maria Migel Arbe eta Mariana Olazabal, hurrenez hurren. Horiek falta izan ezkero, bikarioa eta alkatea arduratuko ziren bai aita Martin edo ama Graziaren aldeko beste familiarteko gertuenak izendatzeko. Eta agindu zuen, bere aurrekoengandik jaso zuen ondarea eta berak erosi eta sortutakoa ezingo zirela besterendu edo saldu, baizik eta patroiak gozatzeko zirela, landu eta erreparatzeko betebeharrarekin.

Zumaian eta Zestoan ondasun ugari zituen. Batzuek aipatzearren, Zumaian zuen etxe nagusia, berak egindako jauregia, bere baratz eta eskortarekin eta aitaren bi etxe (Iraetaren etxeen ondoan); San Pedro parrokian zuen hilobia; Bitarte baserria eta teileria; Miraballes baserria (aitak egina); Kortaberria baserria (Aizarnazabalgoa izango zen); hiru mendiko sastrakadi Ba(r)susta inguruan; bost mahasti, sagasti bat eta laranjaondo-sail, bat Arran(g)oletan; mendiko sastrakadi bat Arri(t)dokietan. Zestoan, aitaren etxe bat (Julio Amilibiaren etxearen alboan); parrokian hilobia; lursail eta sagastiak Iriazpia erriberan[4].

Ondasun higikorren artean aipatzekoak dira ohetako Damaskoko oihal zintzilakariak, bata berdea eta bestea urdina, eta honen parekoa zen beste bat, eta Damaskoko 41 oihalekin urrez bordatutakoa. Azken hau Zumaiako San Pedro parrokiarentzat.

Baita ere, 1650ean Zumaiko bere etxe nagusian utzi zituen aulkiak, idazmahaiak, oheak, kofreak, kutxak, idaztegia eta margoak, eta koltxoiak, estalkiak, sukaldeko tresneria eta apaingarriak, arreba Grazia Bastida (Arbe), San Pedro parrokiako serorari egindako erreziboan ageri direnak, ezingo ziren besterendu, baizik eta bertan biziko ziren patroiak erabiltzeko izango ziren, ahalik eta denbora gehien zaindu eta kontserbatu zitzaten.

Hiltzen zenerako agindu zuen hilobiratze-elizkizunak Madrileko “Hermanos de Anton Martin”en (gero Hermanos de San Juan de Dios izango zirenak) egitea. Gorpua, bere emazte Barbarak esaten zuen lekuan utziko zela, ahal izanez gero sekretuan, harrokeria eta oztopoak alde batera uzteko. Baina agindu zuen, baita ere, hileta-elizkizunak ez egitea Madrilen, Zumaian baizik, bere hezurrak San Pedro parrokian zuen hilobian ehorzteko, goian aipatu dugun bezala. Hiletan egon zen Juan Bautista Enbil, Zestoako bikarioak esan zuen apaiz eta pertsona asko izan zirela elizkizunetan[5].

Testamentu-betearazle unibertsala edo orokorra bere emazte Barbara Ubilla izendatu zuen eta Zumaiako herrirako, Juan Lopez Oikiakoa, Inkisizioko komisarioa eta ordena sakratu horretako presbiteroa eta parrokiko onuraduna. Madrilen zituen ondasunentzako beste bat izendatu zuen.

Juan Olazabal Bastida, 1656ko urriaren 28an Madrilen zendu zelarik, bere arreba Klara Olazabalek Gipuzkoako Korrejidorearengana jo zuen, eta honek aginduta Martin Olazabalen lau etxe eta haien ondasunak eskuratu zituen, 1657ko urriaren 29an, lehenengo atalean aipatzen genuen donazioa aintzat hartuta[6]. Baina, Barbara Ubillak, bere senarraren testamentuari helduta, auzi bat hasi zuen Klararen aurka. Ez dakigu nola amaitu zen gatazka hura, baina 1660ko martxoaren 14an hil zen Barbara, Madrilen, eta ondoren Klarak hartu zuen Juan Olazabalek sortutako patronazgoaren eta kapilautzaren patroiaren ardura. Esan behar dugu, auzi hartan sortutako dokumentazioa izan dela Olazabalek Madrilera joan ezkero izan zuen ibileraren berri jakiteko iturri nagusia.

Olazabaldarren ondarea, Uriartetarren eskuetara

Klara Olazabal, Antonio Fernandez Izetarekin (Zumaiako alkatea izan zen 1635ean) ezkondu zen, eta horien seme eta oinordeko Martin Izetak heredatu zituen Olazabaldarren ondasunak, gero horren alaba eta Klararen biloba, Jeronima Izeta Oiardorentzat izan ziren. Hau, Lorenzo Uriarte, Bedua oinetxeko jabearekin ezkondu zen (1680-1690 inguruan) eta ordutik aurrera Uriartetar familiarenak izan dira Juan Olazabalek utzi zituen ondasun eta jabetzak.



[1] Fray Antonio de Sotomayor. docplayer.es

[2] AHPG-GPAH 3-1856,A153r-159r

[3] Ibíd.

[4] AHN Consejos,23791,Exp.1

[5] Ibíd.

[6] Ibíd.