Olazabal Idazkaria (2)

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2020ko api. 23a, 10:48

Madrilerako jauzia, baina Zumaiarekin ahaztu gabe.

Juan Olazabal 1610eko hamarkadan joango zen Madrilera eta Gortean garatu zuen bere bizimodua. Bere aitak zionez, 1622an erregearen zerbitzura zegoen, Gaztelako erregearen deskarguen Idazkaritzako ofizial bezala[1].

1633an, erregearen eta artzapezpiku inkisidore nagusiaren ganberako ofizial nagusia zen eta, ikusten denez, beste lan batzuk ere egiten zituen. Alcalá la Realeko abadiarentzako kontu batzuk konpontzen ibili zen, Fray Antonio de Sotomayor abadearen enkarguz[2]. Berau zen, baita ere, Erreinuko Inkisidore Nagusia.

1634. urtean, Logroñoko inkisizioaren tribunaleko ofizial posturako aurkeztu zela eta, Inkisizioko artzapezpikuak Juan Olazabalengenealogiaren txosten bat egitea agindu zuen, eta horren ondorioz jakin izan ditugu hemen jasotako hainbat informazio eta datu[3].

Baina ikusten denez ez zuen lortu Logroñoko postua eta Madrilen jarraitu zuen. Hemen bai zegoen 1641 eta 1642an, notario papera egiten Inkisizioaren Mexikoko fiskalaren izendapenean.[4]

1645ean, Barbara Ubilla Izagirre, 25 urteko neska gazte hondarribitarrarekin ezkondu zen, Zaragozan. Familia aberatsekoa zen Barbara, doteak adierazten duenez: zilarrezko 10 errealeko 2.000 dukat edo zilarrezko 20.000 erreal Ana Maria bere aizparen partetik eta 2.000 dukat eta beste 2.000 dukaten balioko ondasun higiezinak Hondarribian, Antonio Ubilla anai zenduaren partetik; gainera 20.000 erreal Indietako jenero batzuekin eta Juan berak eman zizkion 4.000 dukat[5]. Ez zuten seme-alabarik izan.

1648ko irailaren 12rako, Felipe IV. erregearen idazkaria eta Inkisizio Santua eta Orokorraren Kontseilu Goreneko kontulari nagusi izatera iritsita zegoela, lehen aipatutako abadiako fraideak gustura geratu ziren, nonbait, Juan Olazabalek egin zien lanarekin eta, ahalorde bat eman zioten Sotomayor abadea hil zela eta honi zor zitzaizkion eliza-pentsio eta errenta, eta baita ere, Inkisidore nagusi eta Gurutzadako komisario izateagatik hil arteraino egokitu zitzaizkion hobari eta sari guztiak kobratzeko.[6]

1652an, hamasei kidek osatzen zuten Errege Kontseilua, administrazioko goi mailako kargudun eta elizako goi mailako hirerarkiaren ordezkariak ziren, eta horiekin batera zegoen Juan Olazabal, Erregearen idazkari eta Kontulari Nagusi bezala[7].

Bitxikeria moduan, aipa daiteke. “Repartimiento de la Plaza Mayor de Madrid para la fiesta de toros del señor San Isidro de este año de 1640” dokumentuan, zezenketak ikusteko lekuen banaketan Juan Olazabaleri izendatutakoa ageri dela “en el número 23, del cuarto suelo. Juan de Olaçaval, Oficial mayor de la Secretaría de los descargos”[8].

Juan Olazabal eta Zumaia

Martin Olazabalek testamentua egin zuenean Zestoan eskribauaren aurrean, 1622ko ekainaren 1ean, Juan semea presente zegoen,[9]  eta sei urte beranduago Arroan izan zen familiartekoak bisitatzen eta suposatzen dugu bi etorrialdi ohietan Zumaia ere bisitatuko zuela[10].

1640ko matxoaren 4an Zumaiako udalbatzak ordezkaritza-ahalordea eman zion Juan Olazabali, Orreagako komentuarekin ia laurogei urtetan konpondu ezinik zebiltzan auziari irtenbidea bilatzeko. Seguruenik, haren esku-hartze eta eskarmentuari esker, 1641eko urtarrilaren 11ean, transakzio eskritura baten bitartez lortu zuten auziari amaiera ematea. Juan B. Olaetxeak dioenez, oso litekeena da, Zumaiako hiribilduak ordurarte armarrian jartzeko armen pribilegiorik ez zuenez, Olazabalek nahi izatea transakzio itunaren oroimena iraunarazteko, behar ziren baimenak lortu ondoren, armarria osatzea eliza katolikoaren ikur bat eta herriaren beste batekin: San Pedroren giltzak eta tiara, eta galeoi bat[11].

1642ko urtarrilaren30ean, Juan Aranburu hargin-maisua Olazabalentzako eraikitzen ari zen etxearen lanen azterketa egin zuen Juan Iturgoien argin-maisuak, Olazabalen izenean Francisco Zelaiaran, lizentziatua eta Juan Lopez Oikiakoa aurrean zirela. Hainbat zuzenketa eta aldaketa egitea adostu zuten eta baita bi armarri jartzeko lekua prestatzea ere[12]. Zumaian egindako etxerik aipagarrienetakoa da, “Olazabal jauregia” edo Palazioaundia bezala ezagutua izan dena urteetan zehar. Gaur egun, ondoko kaleak “Olazabal Idazkaria” izena darama.

Garai hartan, Udal kontseiluaren bilerak elizako zimitarioan egiten ziren. Baina, 1650eko abenduaren 27koa Olazabalen palazio berrian egin zen eta besteak beste, Zinpeko Erregidore eta Sindiko prokuradore nagusitzako Esteban Etxaniz kapitaina, Torreberriako Katalina Arriolaren senarra, aukeratu zuten eta hark, Juan Olazabal proposatu zuen hurrengo urtean alkate izateko, herriari egindako eta aurrerantzean espero zituzten mesedeengatik. Bilera hartan, Francisco Hubillos aukeratu zuten alkateorde bezala, eta Olazabalek, Madrilen bizi zela, onartu ez zuenez proposamena Hubillos izan zen 1651. urtean Zumaiako alkatea[13].

Aipatzekoa, etxe horretako zureria osatzeko, Oikiako Mantzizidor oinetxeko jabeek, Matias Zuazola eta Ana Lasalde Mantzizidor senar-emazteak, 1.014 ukondo zur eman zizkiotela, 1652. urtean, Olazabaleri haiekin zuen 300 dukateko zentsuaren korrituen truke.[14]

Juan Olazabalek beretzako etxea egiteaz gain, beste kezka batzuk ere bazituen. Burgosko ohiko zerbitzuan zuen erregeari erositako juroaren (zor publikoa) 56.100 marabediko errentarekin dotatuta, umeentzako eskola fundatu zuen “escuela de enseñar leer y escribir a los niños de Zumaia” eta 1651ko urtarrilaren 1ean hasi zen eskola-maisua kobratzen. Horrela ageri da hurrengo atalean aipatuko dugun idazkariaren testamentuan[15].

Idazkariak hil aurretik sortua zuen kapilautza bat Zumaiako parrokian eta hiltzen zenerako emaztea izendatu zuen patroi bezala eta hau faltatzen zenerako Klara arreba. Barbara Ubilla hil zenean kapilau kargua bete gabe zegoenez, 1661eko azaroaren 22an Klara Olazabalek, betiereko kapilau izendatu zuen, Pedro Burgoa, ondarrutarra. Horretarako, idazkariak esleitu zituen urteko 50 urrezko dukateko errenta, ongintzako ekintzetako eta kapilautzarako utzi zuen 3.000 dukaten errentatik[16].



[1] AHN Consejos,23791,Exp.1

[2] Fray Antonio de Sotomayor. docplayer.es

[3]AHN Inquisición,1260,Exp.6

[4] F. Zambrano. Diccionario Bio-Bibliográfico de la Compañía de Jesús en México. Tomo XIII

[5] AHPG-GPAH 3-1856,A153r-159r

[6] Fray Antonio de Sotomayor. docplayer.es

[7] El origen y fundación de las Inquisiciones de José Rivera. Mª del Camino Fernández, UNED

[8] Corpus Velazqueño. 2000. Tomo I. Ministerio de Educación Cultura y Deporte

[9] AHN Consejos,23791,Exp.1

[10]AHN Inquisición,1260,Exp.6

[11]Juan B. Olaechea Labayen (1999) „Zumaia 650 urte, hitzaldiak“. Zumaiako Udala

[12]Lourdes Odriozola (1998) Zumaiaren Historia, 8. eranskina. Zumaiako Udala

[13]ZAH 67/2, 230R-233R

[14] Archivo histórico del Santuario de Loyola

[15] AHN Consejos,23791,Exp.1

[16] Archivo de la casa de Churruca. Condes de Motrico