Olazabal idazkaria (1)

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2020ko api. 21a, 09:49

Olazabal idazkaria nor zen eta bere bizitzari buruz zerbait gehiago jakin nahian, informazio bila jo ondoren lortu ditudan emaitzen berri ematera natorkizue. Luze samarra gertatu ez dadin irakurketa, hiru ataletan banatuta argitaratuko dut, oraingo hau aurrenekoa eta beste biak hurrengo egunetan.

Sarrera

Orain 40 urte inguru, Zumaiako kaleen izenen aldaketak egin aurretik, “Calle Secretario“ deritzen zitzaion kale bat ezagutzen genuen eta aitortu behar dut ez nekiela zein zen “Secretario” hura. Aldaketen ondoren, “Olazabal idazkaria kalea” jarri zioten izentzat eta orduan hasi ginen zerbait gehiago jakiten. Juan Olazabal, erregearen idazkaria izan zela eta kalearen hasieran, San Juan iturriaren aurrean, dagoen Uriartetarren etxe dotorea, Juan Olazabalek egina zela. Hortik aurrera ezer gutxi jakin izan dut berari buruz.

Wikipedian sartuta, ikus dezakegu Juan Olazabal Bastidak eraiki zuela aipatutako etxea eta Felipe IV.a Espainiakoaren idazkaria eta Inkisizioaren Kontseilu Goreneko kontulari nagusia izan zela.Auñamendi Eusko Entziklopedian, beste xehetasun gutxi batzuk ere aurkituko ditugu. Eta heraldikako webgune batean esaten da Martin Olazabal zuela aita eta Grazia Bastida bigarren emaztearekin izandako semea zela Juan.

Duela hilabete batzuk hasi nintzen Juan Olazabalen bizitzaren nondik norakoak bilatu nahian eta esan behar dut, nahiz eta itxaron aldi luze samarra egin behar izan dudan dokumentu batzuk eskuratzeko, oso informazio ona aurkitu dudala. Orain, saiatuko naiz ondorengo lerroetan pertsonai horretaz ezagutu ditudan xehetasunak ematen.

Jaiotza eta lehenengo urteak

Juan Olazabal Bastida, Martin Olazabal Zumaiako kontulariaren eta Arroako Errezusta baserriko Grazia Bastidaren seme naturala edo sasiko semea zen[1]. Arroako San Esteban parrokian bataiatu zuten, baina bi datarekin aurkitu gara eta horrek bi kontraesane sortu dizkigu.

Bata, bataioko data bera. Gipuzkoako elizbarrutiko artxiboan 1587ko urtarrilaren 28a agertzen da. Baina Inkisizioaren erakundeak 1634ean Juan Olazabalen genealogiari buruz jaso zuen informazioan esaten zaigu Arroako San Esteban parrokiko Migel Ibarrola bikarioak egindako agirian bataioen errejistroko liburuan hau dioela: “Joannes, hijo que decían ser de Martin Olaçaval y Gracia Bastida, natural, siendo libres, se bautizó en esta yglessia a veintiocho de enero de mil y quinientos y noventa y uno por mi el infraescrito vicario, fueron compadres del bautismo Joan Domingo de Yartua y Ana de Yrure”[2].

Lau urteko tartea dago bi daten artean eta horrek bigarren kontraesanera eramaten gaitu, aitaren egoera zibilarekin daukala zer ikusia. Kontuan izanik Martin, aita, 1588an ezkondu egin zela, pentsa daiteke lehenengo data dela zuzena. Baina, lehen aipatutako Inkisizioaren erakundeak bildutako informazioan, alde batetik, esaten da, behin eta berriz, Martin Olazabal ezkongabea zela semea izan zuenean, eta bestetik, Arroako  parrokiko bikarioaren agiriak dio 1591an izan zela bataiatua Juan Olazabal (orduan bataioak jaio eta egun bat edo bira egiten ziren). Azkenean, korapilo hori askatzen laguntzen digula, uste dugu, Juanek testamentua egin zuenean, 1650eko uztailaren 23an, esaten duenean 60 urte zituela, sei hilabete falta zitzaizkion arren. Eta horregatik bigarrengo dataren hautua egiten dugu.

Ez dakigu horrelako gertakariak ohikoak ziren orduan, agian bai. Gurasoak ezkongabeak izateak ez zion legitimotasuna kentzen semeari, seme naturaltzat hartzen zen eta bai ordea ama ezkongabea eta aita ezkondua izateak, orduan sasiko semea izango zen. Nola nahi ere Martinek legezko semetzat aitortu zuen Juan Olazabal Bastida.

Bi urte eta erdi edo hiru urte egin zituen arte, Juan Olazabal amaren baserrian bizi izan zen. Gero, aitak bere etxera eraman zuen Zumaira eta han bizi izan zen 16 urtera arte. Gero Donostiara bidali zuen bere ofiziokide zen Fermin Espinalena, beranduago honekin batera Madrilera joateko. 

Gurasoak eta senideak

Martin Olazabal, aita, zestoarra zen jatorriz, eta 1581 ezkeroztik Zumaian bizi izan zen, herriko kontulari lanetan, gaur egungo interbentorearen baliokidea. 1588ko azaroaren 30ean ezkondu zen Maria Lopez Oikiakoarekin, Zumaiako parrokian[3], eta San Juan Migelez Olazabal izeneko seme bat izan zuten, Juan Olazabal lizentziatua bezala ezaguna, eta Zestoan apaiz egon zena[4].

Martin, alargundu zela, bigarren aldiz ezkondu zen 1602ko martxoaren 14ean, Itziarko elizan, Maria Joaniz Mallearekin. Lau seme-alaba izan zituzten, behintzat: Klara, Mariana, Baleriano eta Martin. Martin Olazabalek, bere ondasunen bizien arteko donazioa egin zion Juan Olazabal Bastida semeari, 1620an, baina baldintza batekin: seme-alabarik edo ondorengo legitimorik gabe hiltzen bazen, aitaren seme-alaba legitimoei itzultzekotan. Martin, Zumaian hil zen 1624. urte inguruan.

Grazia Bastida, ama, Arroan jaioa zen, Errezusta baserrian, Zumaiara denboraldika etortzen omen zen neskame lanak egitera, ez dakigu ziur baina oso litekeena, Martin Olazabalen etxera.[5]. Gerora, Esteban Arbe arroarrarekin ezkondu zen eta bi alaba izan zituzten, Grazia eta Maria Migel.



[1]AHN Inquisición,1260,Exp.6

[2]Ibíd.

[3] AHPG-GPAH 2-3316,A252r-260r eta mendezmende.org

[4] AHN Consejos,23791,Exp.1

[5]AHN Inquisición,1260,Exp.6