Arriolakoa – Torreberria – Torreberri (1)

Erabiltzailearen aurpegia
Manuel Arriolaren sinadura

Zumaian, XVI. mendean Odieta auzoko eraikin garrantzitsuena ‘Arriolakoa’ dorretxea zen, Ubillosenarekin batera.

Zeharka iritsi zaidan dokumentu baten ondorioz, eta hainbat iturritara jo eta gero, gaur egun Zumaiako Gaztetxearen “Torreberri” eraikinaren iraganera eta hura eraiki zuen Arriola familiarengan hurbiltzeko aukera eman dit.

Udalak eskatuta Aranzadi Zientzia Elkarteak egin zuen txosten historikoa oinarritzat hartuta, Inazio Tolosak artikulu bikain bat idatzi zuen Torreberriari buruz edo, hobeto esanda, Torreberriaren jabeei buruz.[1] Orain, Torreberria eraikinaz ariko natzaizkizue eta beste egun batean, hori barne hartu zuen lotura edo maiorazkoaren xehetasunak aztertuko ditut, lehen aipatutako artikulu hartan ematen zen informazioa osatzeko eta alderdi batzuk zuzentzeko baliogarria izan daitekelakoan.

Arriolakoa / Torreberria dorretxea

Zumaian, XVI. mendean Odieta auzoko eraikin garrantzitsuena ‘Arriolakoa’ dorretxea zen, Ubillosenarekin batera. XVII. mendearen bigarren hamarkadan Manuel Arriola zen Arriolakoa etxearen jabea eta eraberritze lan sakonak egin zituen. Harrezkero, dorretxeari Torreberria deitzen hasi ziren.

Manuel ez dakigu noiz jaio zen, baina bere dokumentu batean aitortzen duenez, 1578 inguruan Sevillako epaitegi bateko ofizial nagusia zen. Gero Madrilen, Portugalen eta Zaragozan ere egon zen kontulari eta ikuskatzaile lanetan, Felipe II.aren eta III.ren erregealdietan[2]. 1592a ezkeroztik Zaragozan izan zen, lehenik, Aragoiko presondegietako, fabriketako eta artilleriako kontulari bezala 1609 arte, eta gero presondegi haietako ikuskatzaile (veedor) gisa aritu zen, 1623an hil zen arte.

‘Arriolakoa’ etxea nahiko egoera eskasean aurkituko zen, Manuel Arriolak eraberritzea erabaki zuenean 1613. urtean. Lanak egiteko, Arrasateko Ochoa Bañez Artazubiagak, Manuelek emandako ahalordearekin, kontratu bat hitzartu zuen 1613ko abenduaren 20an Pascual Mantzizidor hargin zumaiarrarekin, Pascual Akertza arotz debarrarekin (arroarra izango zen seguruenik, orduan Arroako lurrak Debakoak baiziren) eta haien emazteekin.

Torreberria 1960ko hamarkadan.

Dokumentu horretan esaten da Odieta auzoan zegoela etxe hura, eta Manuelen gurasoena izan zela. Egin behar ziren lanak zehazterakoan, aipatzen da hezetasun handia zegoela eta sotoko zorua beso bat eta erdi edo bi altxatu behar zela.  Pasarte batean esaten da “.. itsasora ematen duen (etxearen) izkina..“, bertaraino iristen zelako ura; txanela batean joan zitekeen Torreberriara XIX. mendearen lehen erdi aldera arte. Baita ere esaten da teilatua hiru isurikoa egingo dela eta gainean burdinazko gurutze bat ipiniko dela. Ez dakigu hala egin zen baina gero lau isuriko teilatua ezagutu genuen eta ez zegoen gurutzerik. Ondoan dagoen mahasti bat ere aipatzen da.

Martin Gurmendik egindako planoa eman zitzaien bi Paskualei, eta horren arabera egingo zen sukaldea, sala, logelen eta abarren banaketa. Eta obran erabiliko ziren materialak Elorriaga batxilerraren (mojaxarretako kapilaua) eta Jeronimo Ubillosen oniritzia beharko zuen..

Materialak, 1614ko Berpizkunde pazkoa aurretik prest egon behar zuten eta eraberritze lanak urte bereko abuztuko andremarietarako burutu behar ziren.

Hitzarmenaren amaierako ohar batean Manuelek bere arreba Lorenza Arriola izendatzen du, etxe zaharretik kentzen ziren egur eta beste hondakin aprobetxagarriak sotoan gorde zitzan, giltzapean. Gainera, agintzen du lanak hasterakoan Lorenza Arriola, Elorriaga batxilerra eta Jeronimo Ubillos jakinaren gainean jarri behar zirela, nolabaiteko kontrola eramateko: lan egindako egunak eta zein langile -ofizial, peoi edo emakume- aritu ziren.[3]

Torreberria. Baleike aldizkarian, 2009ko azaroan.

Ia lau mende igaro eta gero, Torreberria, berriro egoera kaskarrean zegoen eta Zumaiako udalaren esku geratu zen 1993an. Baina urte batzuk pasa ziren berreraikitze lanak egin aurretik. Honela zioen Ismael Manterola Ispizuak 1999ko martxoko Baleike aldizkariaren alean Torreberriari buruz: “Beraz, garrantzi historiko eta artistiko haundiko monumentua da eta gaur egun egoera penagarrian dago utzikeria dela eta”. Ordurako, Torreberriak goiko solairua galdua zuen.

Azkenik, Udalak berreraikitze lanak eginda, Torreberria zaharraren armarria, harri batzuk eta izena gorde dira bederen. 2009a ezkeroztik, Zumaiako Gaztetxea barne hartzen du Torreberrik.

 

[1] Baleike aldizkaria. 2009 azaroa

[2] Archivo General de Simancas. FR.AGS.R-191/20

[3] Martin Diaz Oiquina eskribaua. 1613. Eraberritze lanak egiteko hitzarmena. GPAH 2-3344