Luis Aranguren Sainz zumaiarra, Jalisco estatuko enpresari ezaguna

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2019ko uzt. 2a, 17:42
Mexikoko Migrazio zerbitzuko atzerritarren erregistroko agiria

Zumaian jaio eta Arritokieta kaleko 2. zenbakian, “Arteagakoa jauregia” izeneko etxean, bizi zen. Hamabi urterekin, halabeharrez Mexikora joan zen osaba Jose Maria Sainz Ortizengana. Gaztetatik ekintzaile sena erakutsi zuen eta Jalisco estatuko enpresari garrantzitsuenetakoa izatera iritsi zen.

XX. mendearen hasiera zen eta Narrondo auzoko Esteban Aranguren y Compañíaren “San José” izeneko zementu natural edo “hiraulika” lantegia diru arazoekin zebilen. 1903aren urriaren 5ean sozietateko bazkide eta buru zen Esteban Arangurenen heriotza gertatzen da eta bere emaztea, María de los Dolores Sainz de Rozas Ortiz, eta sei seme-alaba oinordekoentzat geratzen da hiraulika fabrika. Seme-alabak adin txikikoak ziren, urte bete eta 10 urte bitartekoak. Egoera horren ondorioz, senideetako lauek Mexikorako bidea hartzen dute 1905 eta 1913 artean, han bizi zen osabaren laguntzari esker.

Luis Aranguren Sainz, 1896an jaioa, izan zen joan zirenetako bat. Santandertik irten eta Veracruz portura iritsi zen 1909an, handik Jalisco estatuko Ameca herrira bere osaba bizi zen herrira joateko.

Osabak zuen janari-denda batean hasi zen lanean, baina Kaliforniako kostaldea egunen batean bisitatzeko ametsa zuela eta, Luis gazteak Estatu Batuetako eskola batean eman zuen izena, posta bidez ingeles hizkuntza ikasteko.

Urte batzuk geroago, Juan Antonio Forraster, espainiarrak, Guadalajaran, Jaliscoko hiriburuan, 1903an eraiki zuen, “La Gloria de Jalisco“ izeneko fabrikan lan egiteko eskaintza egin zion Luisi. Almidoi eta artotik deribatutako produktuak ekoizteko lantegia zen eta bertan hasi lanean mutil gaztea 1917. urtean. Bere balioa eta arduragatik, Luis Aranguren Sainz, nagusiaren eskubiko eskua izatera iritsi zen eta lantegia haztea lortu zuen.

Handik gutxira, Forrasterren emaztea gaixotu egin zen eta bikotea Espainiara itzuli zen. 1925 Arangurenek bere nagusi ohi eta lagunaren gutun bat jaso zuen Jaliscon: "Negozioa saltzen dizut", zioen idatziak. Berak onartu eta “La Gloria de Jalisco” erosi zuen 40 mila pesoren truke, hurrengo bost urtetan ordaintzekotan korriturik gabe. Baina, hiru urte baino gutxiagotan ordaindu zuen dena. Lantegiaren izena aldatu egin zuen “La Gloria” jarriaz.

Arancia Industrial, Guadalajarako lantegia.

Hainbat herrialdetatik bidaiatu zuen antzeko lantegiak bisitatuaz haietan ikusitako ereduak eta aurrerapenak “La Gloria”-ra egokitu eta ezartzeko. Gero, enpresaren jarduerak hazkunde handia izan zuen eta Arancia Industrial industria taldea sortu zuen eta Jalisco estatuko enpresari ezagun eta garrantzitsuenetakoa izan zen.

Gaur egun, “Arancia Industrial” zazpi enpresak osatzen dute, batzuk elikdura arlokoak, baina baita logistika, bioteknologia edo osasun zerbitzuetakoak ere. Guztira 2.000 langile inguru ditu eta egoitza nagusia, Guadalajara, Jaliscoko hiriburuan du.

Luis, Maria Isabel Castiellorekin ezkondu zen eta lau seme izan zituen Ignacio, nagusienak, aitaren bidea jarraituz, Arancia Industrialeko buru izan zen. Fernando, gazteena ere, enpresa berean hasi zen lanean, baina 37 urte zituela, “Liga Comunista 23 de septiembre”-koek baitu eta erail egin zuten. Luis Aranguren Sainz, 1977 zendu zen.

Esteban, Luisen anaietako bat, 1913an iritsi zen Mexikora 11 urterekin. Kazetaritza munduan aritu zen, Guadalajaroko hainbat aldizkari eta egunkaritan lankide izan zen. Horietako batek, Las Noticias de Guadalajara izenekoak, Espainiara bidali zuen 1936an gerrako korrespontsal lanak egitera, aktiboki parte hartu zuen Asociación de Escritores Antifascistas elkartean. Errepublika erori ondoren Mexikora itzuli zen eta olerkiak idazteari ekin zion.