Zumaiarrak Ameriketara Kolon baino lehenago iritsi al ziren?

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2019ko urt. 15a, 07:56

Migel Ibarra zuen izena, zumaiarra zen eta zantzuak daude esateko Ameriketara, orduan Indiak esaten zioten, iritsi zela 1492an, baina Kolon baino lehenago. Bere itsasontzi bat kontratatu zioten Errege Katolikoek, Alkantarako komendadore nagusia zen frai Diego de Santillánen bitartez, Indietara bidai bat egiteko 1492. urtean, 151.693 marabedi esleiturik horretarako.

Jose Antonio Azpiazu, historialari eta antropologoak idatzitako “Hielos y océanos. Vascos por el mundo” liburuan jasotzen du Javier Elorzak egindako ikerlan baten emaitza eta bertan topo egin dugu Migel Ibarra zumaiarrarekin.

Domenja Uzkangarekin ezkondu eta Bartolome izeneko seme bakar bat izan zuten, Aitaren bideari jarraituz, itsasoko eginbeharretan aritu zen.

Elorzak aitortzen du, ez dituela aurkitu ziurtasun osoa emango luketen dokumentuak, baina berak ikusi dituenen arabera, uste du 1492ko apirilaren 17a baino lehenago irten zuela Miguel Ibarraren ontziak Indietara, data horretan sinatu baizuten Errege Katolikoek Kolonen bidaiaren hitzarmena. Kolon, 1492ko abuztuaren 3an atera zen Indietara.

Diego de Santillán, Migelekin joanik, itzuli zela frogatuta dago, ontzi berean seguruenik, horren ondoratzearen berririk ez dagoelako. Baina, Miguel eta bere seme Bartolo hilik ziren ordurako. Ez da argitzen noiz hil ziren, Indietara iritsi ziren eta noiz, helburuak lortuak zituzten... Agian, Indietara iritsi zirenean hango gaixotasunek (eskorbuto, izurrite, e.a.) jota itzuli behar izan zuten…

Migelen emaztea, Domenja, andre ausarta zen benetan. Alargundua zela, Sevillara joan zen senar ohiari zor utzi ziotena erreklamatzera eta han zegoela gaixotu eta testamentua egitera behartua ikusi zuen bere burua, 1503ko urrian. Geroago aldaketa bat eginda, Pedro Bizkaia, Zumaiko biztanle zen Juan Martinez Bizkaiakoaren semea izendatu zuen oinordeko, mandatu batekin: urtero 2.000 marabedi emateko Zumaiako San Pedro elizako elizgizonei, requiem meza kantatu bat eman zezaten astero larunbatetan, beti eta beti, bere senar eta semearengatik.

1504ko otsailaren 5ean, errege-erreginak agintzen dute Migel de Ibarrari zor zaizkion 69.017 marebediak ordaintzea; soldata, pleita edo fletea, matxurak eta beste gauzetarako, bere ontzia eta jendearentzat esleitutako 151.593 marabedietatik ordaindu gabekoak, Indietara, komendadore nagusiarekin egin zuen bidaiarengatik.

Domenja, bereala hilko zen, zeren 1504ko apirilean, Pedro Bizcaiak, Zumaiako alkatea zen Andres Perez Indanetakoaren aurreko agerraldian adierazten du Migel Ibarra, Zumaiako egoiliarra eta ontzi baten maestrea zela, eta onartzen duela emaztearen herentzia, batik bat, erregeak Migeli zor zizkion 69.017 marebediak kobratzeko. Baita ere esaten du Migel eta Bartolo semea, Indietarako espedizioan hil zirela. Gero alkateak ahalordea ematen dio Cristobal Garcia de Azkue eskribau zumaiarrari, diru hori kobratu zezan.

Azkuek, erabili zuen froga gisa, baita ere, Miguel de Ibarrak bere liburu batean idatzitako testamentua, non bere seme Bartolo izendatzen duen oinordeko. Testamentu hori, seguruenik, bere burua gaizki ikusten zuela egingo zuen eta semea hil aurretik, zeren eta ontzi eta bidaia bertan hil baiziren biak.

Urte hartako maiatzaren 9an joan zen Cristobal Garcia Azkuekoa, Medina del Campora, eta erregeak han zeudela, lortu zuen zorra kobratzea.

Naiz eta erantzunik gabeko galdera batzuk dauden aurreko historia horretan, zantzuak daude gure herrikide Migel Ibarra, Kolonen aurretik iritsi zela Ameriketara pentsatzeko. Goiko mapan ikus daiteken itsasbidearen antzekoa izan zitekeen Migel eta Bartolo Ibarrak egin zutena.