San Lorente ermitaren zaharberritze lanak

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2016ko mar. 18a, 15:03

1963an zaharberritze lanak egin ziren San Lorente ermitan eta amaieran txango kultural bat antolatu zen.

 Erramu eguna dela eta gogora ekarri nahi dut, 1963ko apirilaren 7an, Erramu egunean, Zumaiako Oarguik antolatuta San Lorenteko ermitara egin zen txango kulturala. Bertan, Ignacio Aguinaga, Getariako udaletxeko idazkariak San Lorente ermitari buruz luze eta zabal hitz egin zuen.

Urte hartan, Oargui taldeak bultzatuta, hainbat igande goizetan San Lorenten zaharberritze lanak burutu ziren auzolanean. Hormetako igeltsua kendu harria bistaraziz eta egurrezko habeak saneatu ziren. Lan hoien amaierako ekitaldi bat izan zen Erramu eguneko hura.

Txangoaren irteera Zumaian izan zen arratsaldeko 3:00tan, gero hitzaldia San Lorenten 4:00tan eta ondoren Beduara 5:30tan, handik Zumaiara itzultzeko.

Beste garai batzuk ziren haiek. Eliza eta erlijio katolikoak itzal haundia zuen gizartean eta garizuma aldian igandetan ez zen musikarik jotzen plazan, eta aipatutakoaren antzeko txango edo irteerak antolatzen ziren.