Ezinegonak eragindako aldarrikapena

Erabiltzailearen aurpegia Pello Enparan 2019ko ots. 1a, 11:35

Iazko otsailean hasi ginen Zumaiako jubilatuen eta pentsiodunen talde bat astelehenero kontzentrazioak egiten. Pentsioen bueltan zegoen ezinegona lehendik zetorren, baina Espainiako Gobernutik pentsionistei bidalitako gutuna izan zen lapikoa bor-bor jarri zuena, hilabeteroko igoera % 0,25ekoa izango zela jakinarazi baitzuten.

Kontzentrazioen iraunkortasuna mantentzearekin batera, bestelako ekimenak abiarazi eta bultzatu genituen, hala nola herriko, eskualdeko eta herrialdeko manifestazioak, Urola Kostan pentsionisten eta jubilatuen Plataformaren osaketarekin batera, pentsioen inguruko hainbat hitzaldi ahaztu gabe.

Instituzio publikoen inplikazioa bilatu nahian, Udaletxean mozio bat aurkeztu genuen, eskuartean genituen erreibindikazio nagusiak biltzen zituena, udalbatzan onartu zena. Hauek dira, labur, onartutako mozioaren gai nagusiak:

  • Gizarte Segurantzaren kutxa orokorra defizitarioa den bitartean, dagokion defizita bete dadila Estatuko Aurrekontuekin.
  • Europako Gutun Sozialak jasotzen duen legez, Espainiako Gobernua izatea gutxieneko pentsioa 1.080 € izatea bermatuko duena. Hori egin ezean, Eusko Jaurlaritza izan dadila behar den osagarria ezarriko duena, Euskadiko pentsionista guztiak hilero kopuru horretara iristeko.
  • Espainiako Gobernuak indargabetu dezala 2011ko lan erreforma, enpleguaren kalitatea eta, beraz, pentsioetarako kotizazioak kaltetzen dituelako. Halaber, Espainiako Gobernuak indargabetu dezala 23/2013 Legea, jasangarritasun faktorea eta errebalorizazio Indizea arautzen dituena, pentsio duinak eta KPIaren arabera igoko direnak bermatze bidean.
  • Babes eta Gizarte Segurantzaren sistema Euskal Autonomia Erkidegorako, pentsio publikoak eta pertsona nagusien beharrak asetzeko modukoa. Bitartean, urratsak egiten hasi Gizarte Segurantzaren eskumenak Euskadira transferitzeko. 
  • Zumaiako Udalak mozioaren emaitza igortzea Eusko Jaurlaritzara eta Espainiako Gobernura.

2018ko urriaren 18an, Gasteizen egindako bileran, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Pentsiodunen Plataformak akordio batzuk hartu zituen. Goian aipatu ditugun erreibindikazioez gain, beste batzuk plazaratu zituen, hots:

  • Koordainketa eta medikamentazoa deritzonak indargabetzea.
  • Zerbitzu Sozial unibertsal, publiko eta doakoak jartzea.
  • Aberastasunaren bidezko banaketa baliatuko duen erreforma fiskal berria gauzatzea.

Urrian, baita ere, Hego Euskal Herriko emakume pentsiodunak elkartu nahi dituen Oneka plataforma sortu zen, adineko emakume eta pentsiodunak diren heinean egoera bereziak bizi dituztelako eta horiei erantzuna eman nahi dielako, neurri sozial eta politikoak aldarrikatuz. Beste taldeekin aritu nahi dute eskuz esku, hala nola pertsona nagusien eta pentsionisten mugimenduarekin, baita jendartearekin eta erakundeekin ere.

Badago, beraz, lan egiteko aukera eta parte hartzea. Asmo horrekin hasi dugu urte berria eta iaz bezain animotsu ekitera goaz.