Zoriontasunaren giltza?

Erabiltzailearen aurpegia Peio Carballo 2021ko abe. 31a, 16:02

Zoriontasunari buruz idaztea atrebentzia gehiegi ez ote den galdetu diot azken egunetan neure buruari. Baina pistinara salto egitea erabaki dut sakonerari erreparatu gabe.

Zenbat aldiz erabili dugu zorion hitza? Zenbat aldiz kantatu dugu “zorionak zuri, zorionak zuri… zorionak beti”? Baina beti zoriontsu sentitzea posible al da? Ez al da utopia?

Groucho Marx-ek zioen zoriona gauza txikiz egina dagoela: yate txiki bat, txalet txiki bat, fortuna txiki bat... Aberastasun txiki horiez gai, unetxoak ere zorion iturri dira: mendira bueltatxo bat, kafetxo bat konpainia onean, musika kontzertutxo bat… 

Filosofoek diote 2 zorion mota daudela: hedonikoa (plazerari lotuta, epe laburrekoa eta kanpoko gauzekin lortzen dena) eta eudaimonikoa (norberaren autoerrealizazioari lotuta, epe luzekoa eta barne zoriona lortzen duena).

Zientziak dio gure gorputzak zorionaren 4 hormona sortzen dituela: endorfina (kirolarekin), oxitozina (besarkadarekin), serotonina (eguzki izpiekin) eta dopamina (txokolatea janda). Agian “end-oxi-sero-dopa” izeneko pilula magiko bat asmatuko dute, triste gaudenean farmazian erosi eta zoriona dakarrena. Adikzioa sortzeko modukoa…

Bestalde, zorionaren bilaketan kontenplaziozko praktikak modan jarri dira: yoga, meditazioa, mindfulness, tai-chi, etab. Dirudienez praktika horien bidez, kiroldegiko muskulazio gela bailitzan, arretaren “muskulua” garatzen da. Ondorioz, arreta orainaldira ekarriko dugu eta gure pentsamendu maltzurrek ez dute iraganera edo etorkizunera bidaiatuko. Esaera zaharrak dioen bezala: izan burua oinak dituzun lekuan.

Definizioz zoriontasuna egoera mental eta emozional positiboa da, eta emozioa izanagatik badator eta badoa. Adibidez, oraintxe zoriontsu sentitu gaitezke eta telefono dei bat jaso albiste txar batekin eta bat-batean triste sentitu. Eta emozio guztiak dira beharrezkoak gure bizitzan. Gizarteak, ordea, betirako zorionaren mezua saltzen digu, tristurarik gabea, non zoriona lortuz gero, lagun gehiago, diru gehiago eta arrakasta gehiago izango dugun. Horregatik, gizartearen aurrean zoriona goresten eta tristura ezkutatzen saiatzen gara. Sare sozialak dira horren adibide.

Baina zorionaren bilaketa etengabe horrek kontrako efektua ekar dezake; izan ere, zoriona obsesiboki bilatze horrek beti zoriontsu sentitu behar dugun itxaropena sortzen du, eta ondorioz zoriontsuak ez garenean zoritxarrekoak sentitzen gara. Hau da, hau, paradoxa!

Azken finean, zoriontasunaren giltza ez ote dugu bilatzen galdu ez den lekuan.