Pablo Gonzalez eta prentsa askatasuna

Erabiltzailearen aurpegia Oier Zeberio Maiztegi 2022ko mai. 28a, 10:00

Pasa den otsailaren 28tik preso dago Polonian Pablo Gonzalez kazetari euskalduna. Behin-behineko espetxealdian egongo da maiatzaren 29ra arte Rzeszoweko segurtasun altuko kartzelan. Fiskaltzak Errusiaren mesedetan espioitza lanak egitea "Poloniaren segurtasuna" kolokan jartzea leporatzen dio. Akusazioa oso larria da, baina autoritateek ez dute inolako frogarik aurkeztu.

(Iritzi artikulu hau maiatzeko Baleike aldizkarian argitaratu genuen)

Atxilotu zutenean, Pablok bi pasaporte zituela diote (bata errusiarra eta bestea espainiarra). 1 eta 10 urte arteko kartzela zigorra jasotzeko arriskuan dago. Momentuz ez du bere abokatuarekin hitz egiteko aukerarik izan, ezta familiarekin ere.

Gerran gaude, eta egoera honetan adierazpen askatasuna murriztu eta giza eskubideak urratu egiten dira. Baita Europar Batasunean ere. Poloniako Gobernuak Europako zuzenbide komunitarioa urratu du edozein erregimen antidemokratikok egingo lukeen maila berean. Egoera horren aurrean, Espainiako Estatuko ordezkarien, telebista kateen, kazetarien eta abarren jarrera oso epela izan da.
Gerra Zibilean Errusiara ebakuatutako 'gerrako ume' baten biloba, Gonzalez jaiotzaz errusiarra da (horregatik du Errusiako pasaportea), baina umea zela Kataluniara joan zen bizitzera, eta Euskal Herrira ondoren (horregatik dauka, baita ere, Espainiako pasaportea). Azken urteetan Sobietar Batasun ohiko herrialdeetan izandako gatazka militarretan aritu da lanean, baina baita herrialde horietako beste hainbat kontutan ere: giza eskubideak, politika nazionala eta hauteskundeak, etab.
Duela sei hilabete egin nion elkarrizketa batean garbi adierazi zidan zer zen beretzat kazetaritza: "Nire lana gertatzen dena bere osotasunean azaltzea eta ulertaraztea da", zioen une hartan. Oso hedabide ezberdinekin kolaboratu du azken urteotan Gonzalezek: Gara eta Naiz, Público, La Sexta, DW, Voice of America, EFE eta France Presse agentziak etab. Azken hilabeteotan Poloniatik eta Euskal Herritik egiten zuen lan.

Egon zen gudetan, Ukrainakoan (2014-) eta Armeniakoan (2020), adibidez, gerraren arrazoiak xehetasunez azaltzeaz gain, bi aldeekin batu zen eta bi aldeek esandakoak jaso zituen, bere esanetan "irakurleak informazioa eduki eta bere kriterio propioarekin egoera aztertzeko aukera izan dezan".
Gertatzen ari dena bere horretan kontatzeak eta datu guztiak mahai gainean jartzeak, ordea, arazoak sortzen ditu. 2016an argitaratutako txosten sekretu batean, adibidez, Pablo "errusiarzale" gisa sailkatu zuten beste hainbat kazetari eta analistarekin batera. Narratiba ofiziala apurtzen duten horiek "etsaiaren" propagandista gisa sailkatzeko joera dago zenbait kasutan.  

Polonian atxilotu baino 19 egun lehenago Ukrainan zegoen Gonzalez. Bertan, Ukrainako segurtasun zerbitzuaren dei bat jaso zuen. Kievera joateko esan zioten, galdeketa bat egin behar ziotela eta. Lau ordu inguru iraun zituen "hizketaldiak". Telefono mugikorra kopiatu zioten eta Ukraina uztera gonbidatu zuten.

Ukrainako galdeketa izan eta berehala, Espainiako Estatuan, CNI inteligentzia zerbitzuak Pabloren senideak eta gutxienez inguruko pertsona bat galdekatu zituen. Hori jakin bezain pronto, Gonzalez ziztu bizian itzuli zen Ukrainatik Euskal Herrira. Hurrengo egunetan ez zuen CNIko kideen, poliziaren edo Ukrainako segurtasun zerbitzuaren berririk izan, eta gertatutakoa "presio" gisa interpretatu zuen.

Gogoeta horrek ondorio lazgarriak izan zituen. Errusiak Ukraina inbaditzean, otsailaren 24an, Poloniarako bidaia hasi zuen Euskal Herritik. Lana egiteko toki segurua zela uste zuen. Otsailaren 25a eta 28a artean errefuxiatu ukrainarren egoera izan zen bere azterketa gai nagusia. Otsailaren 28an, goizaldean, lanegun gogor baten ostean hotelean deskantsatzen ari zen bitartean, atxilotu zuten Pablo.