Katalunia: oraina eta etorkizuna

Erabiltzailearen aurpegia Oier Zeberio Maiztegi 2018ko urr. 21a, 17:49

Gaur egun, jakina den bezala, Katalunia ez da estatu bat. "Salbuespen egoera" baten testuinguruan egin zen erreferendumaren emaitzak "jokoz kanpo" utzi zituen garaiko agintari politiko independentistak. Herri bat mobilizatu zelako egin zen erreferenduma, eta presio soziala izan zen independentzia aldarrikapena bultzatu zuena. Hori dela eta, maila politiko instituzionalean eman ez den deskonexio hori, ordea, gizarte mailan eman da, eta hori azpimarratu beharra dago.

Egungo egoerari erreferentzia eginaz, Mario Zubiagak, EHUko irakasleak, honako hau dio: “polarizazio prozesua egonkortzen hasten denean (pasa den abenduko hauteskundeetako emaitzak ikusirik), alde erradikalaren mekanismoa aktibatzen da. Bi alderdietan posizio moderatuak desberdintzen hasten dira, eta alde biko muturraren erradikalizazioarekin batera (155 orain! alde batetik –VOX, Cs, Casado ardatza–, eta bestetik "errepublika desobedientziaz eraikitzeko apustua egiten dutenak" –Puigdemonten taldea eta ezker independentista–), erdiko kontsentsurako eremua sendotzen da: PSC (Sanchezekin, ez PSOE bera), ERC, Comú, Podemos eta PDeCATeko moderatuenak. Erreferendum adostua lortzeko, baliteke errepublikaren aldeko mutur erradikala sendotu behar izatea, arrisku sinesgarri gisa. Jariakinen mekanikaren logika da».

Alderdi politiko independentista nagusiek (PDeCAT eta ERC) konfrontazio estrategia baztertu dute, eta mobilizazio ezberdinekin (sinbolismo handiko manifestazioen bidez) erreferendum adostua eta nazioarteko aitortza lortzeko estrategiaren aldeko apustua egin dute. Aldi berean, estrategia orokorraren barruan, ezker independentistak kaleko dinamikak indarrean mantentzeko apustuarekin jarraitzen du. Sektore hori nahiko ahula den arren (botere errealari erreferentzia eginez), baliteke prozesua bizirik mantentzeko beharrezkoa den giltza edukitzea. Gaur egun elkarrekin koordinatuak dauden eta eragin politiko nabarmena duten sei erakunde independentez (CUP, COS, Endavant, Arran, SEPC eta Alerta Solidaria) osaturik dagoen mugimendu honetatik jaio ziren Errepublikaren Defentsaren Komiteak, adibidez. Horiek, puntualki, biztanleriaren sektore zabalak mobilizatu dituzte: azaroaren 8ko greba, otsailaren 25ean erregearen aurka egin zen manifestazioa eta martxoan Gobernuaren Delegazioaren aurrean egin zen eta bi egun iraun zuen mobilizazioa, kasu.

Urtebete geroago, hainbat gauza argi eta garbi geratu dira:

1- Milaka pertsona bildu dituzten manifestazioen eragin politikoa oso mugatua da. Pertsonen arteko loturak ehuntzeko eta mobilizatzeko ongi formulatutako estrategia bat den arren (alde horretatik, arrakasta handia izan du), "aurrerapauso bat" eman beharko litzateke.

2- Aurreko puntuan aipatzen den ideiarekin guztiz loturik, komenigarria izango litzateke errepublikaren aldeko mutur erradikala sendotzea, "arrisku sinesgarri gisa" jardun dezan, erreferendum adostuari bidea irekiz. Horrela, mutur erradikalak kaleko dinamikak bizirik mantendu beharko lituzke. Ekintza horiek desobedientzia zibilean oinarrituak egon beharko lukete ("besteek" zure aurka biolentzia erabiltzean politikoki indar handiko mezuak igortzeko posizioan aurkitzen zara eta), baina izaera erradikala mantendu beharko lukete, greben, oinarrizko azpiegituren eta gune estrategikoen blokeo edo okupazio estrategiaren bidez, adibidez.

Estrategia egoki bat ez jarraitzeagatik errepublikaren aldeko mugimendua itzaliko balitz, proiektu demokratiko eta eraldatzaile baten amaieraren aurrean egongo lirateke kataluniarrak. Etorkizuna da epailerik onena.