Alondegiko leihotik

Erabiltzailearen aurpegia Miriam Romatet 2018ko mai. 8a, 12:18

(Garai bateko prentsako zutabeen antzera hasteko) Hau argitaratutakoan juxtu 7 urte beteak izango dira Alondegia kultur etxea martxan jarri zenetik, Zein zenbaki polita! Eta Baleikeko kideek Kulturari tarte handiagoa eman behar diotela esan didatenean (biba!!!) eta ea zerbait idatziko dudan, bada, horixe bururatu zait, Alondegiaz hitz egitea, gure bulegoetan prestatzen ditugunak, kultur etxean kultura, edo zer egiten dugu, bada?

Gure bulegoan kultura “jasoa” baino gehiago egunerokoa darabilgula esan behar, herritarrentzat, herritarrekin egiten duguna: erakusketak, kontzertuak, antzerkia, dantzak, lokalak.. eta diru laguntzak..., baina, noski, zer da kultura?

Eta horrek gogorazten dit herri ezberdinetako kultur teknikariok bileretan izaten dugun gai errekurrentea: herriko jaiak antolatzea kultura da? (azken boladan bileretan “jubilazio” hitza “kultura” hitza adina entzuteak kezkatxoa sortzen du, baita ere, egia esan…).

Jaien antolaketa beren arduren artean ez duten teknikaria guztion amets, baina beste batzuen ustetan, ezin euskal kultura ulertu herrietako jairik gabe; herritar gehienei eragiten dieten jarduerak izaten dira, gainera.

Zorionez duela 25 urte ez bezala, Zumaian kultur egitaraua urte osoan luzatzen da eta hilabete batzuetan gureak eta beste arlo batzuetako jarduerak elkarren gainean pilatzen zaizkigu, gehiegitxo askotan: ekaineko edozein egunetan, 19:00ak aldera hitzaldi, kontzertu eta partidu bat topa ditzakegu erraz asko.

Hori guztia herriko talde eta elkarteekin eguneroko lanean, eta tira-biraka, sarritan. Aurten, gabonetako girnaldak kentzerako inauteri mozorroa soinean behar izan dugu, eta santelmotako arropak plantxatu berriak ditugu; arrapaladan joan dira. Beraz, orain indarrak bildu maiatzetik iraila bitartean luzatuko zaigun txanparako. Jaien kultura, kultur jarduerak jaietan, biak balekoak?