Erakusleihoa

Erabiltzailearen aurpegia Miren Osa 2021ko ira. 28a, 07:03

“Ondo ibili zara oporretan, eh!”, esan dizu kalean topatu duzun lagunak. Ez zarete aspaldi elkarrekin egon, baina hargatik ez dio zure berri izateari utzi. “Bai, neska! Instagramen ikusi zaitut tripaz gora eguzkitan gozo”. “Ah, egia, zerbait jarri nuen, bai”. “Instagram madarikatua”, esan duzu ahopeka, eta hurrengoan zerbait hartzeko enkargua jarri diozue elkarri.

Erakusleiho erraldoia da Instagram sare soziala. Bizitzaren alde eder, liluragarri eta panpoxoena aurki daiteke bertan: opor egunak, bapo geratzeko moduko jakiak, jende zoriontsua, paisaia ederrak, eta, oro har, eredu izan nahi duen kuadrilla influenzerra. Halaber, hor zehar irakurritako azken inkesta baten arabera, erabiltzaileen % 85ek onartu dute sare sozialen amarruak antsietatea sortzen diela, ez baita lan makala egunero alai, indartsu eta adoretsu agertzea kamera aurrean. Horrexek saltzen baitu, zorionak eta erraz bizi garen itxurakeriak.

Baina dena ez da hipokresia: bi mutil Donostiako Zabaleta tabernatik kanporatu dituztela dioen mezua bat-batean. Elkar musukatzen aritzeagatik. Beste bat jarraian: etxerako bidean neska batek izandako erasoagatik kontzentrazio deialdia. Errealitate birtualak bestelako zerbait erakutsi nahi duen arren, aske, eroso eta seguru bizitzeko tarte gutxi eskaintzen digun jendartean jarraitzen dugu, batzuek kontrakoa sinetsi nahi duten arren.